A30 Greba feminista orokorra

"Zainduak diren pertsonen ahotsak botatzen ditut faltan greba honetan"

Maialen Huarte Arano 2023ko aza. 24a, 09:40

Zaindua izateko beharra eta zaintzak eskaintzen dituen pertsona da Erkuden Txokarro. Mugimendu Feministak azaroaren 30ean deitutako greba orokorrean parte hartzeko unean zalantzak sortu zaizkio: "Zenbaitetan nire irudia baliatu dute beste gai batzuetan egindako manifestazioetan adibidez inklusioaz hitz egiteko, bakarrik gurpildun aulkian nagoelako", azaldu du. Oraingo honetan faltan botatzen ditu zaintzak jasotzen dituzten herritarren ahotsak. 

Semea eta alaba ditu Erkuden Txokarrok. Zaintza lanak eskaintzen dizkie. Baita gurasoei ere. Eta berak ere zaindua behar du izan. Gaixotasun batek eraman zuen duela zazpi urte gurpildun aulki batean bizitzera. Zenbaitetan sumatu du bere irudia erabilia inklusioa esaten dioten horren baitan: "Gurpildun aulkian nagoelako baliatu naute inklusiboa dela esateko", kritikatu du. Oraingo honetan, azaroaren 30ean Mugimendu Feministak prestatutako greban nola parte hartu aztertzen ari da oraindik: "Feminista sutsutzat dut nire burua, baina baztertuta ere sentitu naiz", azaldu du. Bat egiten du ostegunean kalera eramanen dituzten aldarrikapen guztiekin eta zainduak diren pertsonen ahotsak gehiago izan beharko liratekeela iruditzen zaio: "Galdetu beharko genieke zahar etxeetako erabiltzaileei adibidez ongi zainduak sentitzen ote diren", hausnartu du. "Zaintzan benetako negozioa menpekotasunean dago", salatu du.

Zaintza sistema bera kapazitismotik ezarria dagoela ere adierazi du: "Ni gurpildun aulkian egonagatik ere zaintzaile naiz baina honek dakarren zailtasun guztiekin", dio. Berak lan handiagoa egin behar izan du zaintza lan horiek eskaini ahal izateko gurpildun aulkian dagoelako emakume izateagatik jasan dezakeen diskriminazioagatik baino. "Zailtasun are handiagoa da ezindua izatea emakume izatea baino", adierazi du. 

Entzun Euskalerria Irratiak Erkuden Txokarrori egindako elkarrizketa osorik argazkian klik eginda. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!