Patxi Zubizarretaren bisita izan dugu Irrintzi Plaza saioan. Bere sariez, lanbidearen zailtasunez eta gaur Iruñean aurkeztu duen lnaz mintzatu gara: “Nik ez nuen ezagutzen, noski, baina Donostiako ia inork ez zuen ezagutzen familia eta batez ere Paco Miangolarra honen historia eta harrigarria egin zitzaidan.
Gerra piztu zenean familia ihesi abiatu zen. Kide guztiak sakabanatuta ibili ondoren, Baionan elkartu ziren gero Parisera joateko eta han zeudela asilo eskubidea eskatu zuten hainbat tokitan: Estatu Batuetan, Mexikon eta Caracasen. Azken honetan bakarrik eman zioten baiezkoa. Beste tokietan beldur omen ziren komunistak, sozialistak edo errepublikazaleak iritsiko ote zitzaizkien, baina Caracasen badirudi halako nazionalismo moderatu bat onartzeko prest egon zirela. Hango Euskal Etxean elkartu ziren 4000 pertsonatik gora.
Caracasen sekulako lana egin zuten euskal kultura eta herriaren alde eta oso zelatatuak izan ziren. Urte luzez ez zuten aukerarik izan hona itzultzeko, baina noizbait etorri ziren. Bi lan eder egin zituzten, batez ere Pacok: bat Federico Krutwig filosofo euskaltzalearen “Vasconia” obra eztabaidagarri eta polemikoa sustatu eta finantziatu zuen eta bestea Herri Gogoa diskoetxe klandestino sortu zuen Donostian, non Benito Lertxundi, Mikel Laboa, Antton Valverde eta beste askoren lanak grabatu zituzten. Han 200 diskotik gora grabatu zituzten.”