UEU Iruñean

Txabi Arnal: "Bizitzan tristura eta porroterako momentuak badirela jakin behar du umeak"

Euskalerria Irratia 2023ko uzt. 5a, 10:42

Ekainaren 26tik 28ra UEUk Iruñean eskainitako ikastaroen artean haurren doluaz mintzatu dira.  "Galerak, heriotza eta dolua haurren hezkuntzan" ikastaroa eskaini du UEUk Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean Iruñean.  Txabi Arnal EHUko irakaslea eta idazlea izan da irakaslea. 

"Galerak, heriotza eta dolua haurren hezkuntzan" ikastaroa antolatu du ekainean UEUk Nafarroako Gobernuarekin elkarlanean. Txabi Arnal Gil (Ermua 1967) izanda ikastaroko irakaslea, bera, UPV/EHUko Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakaslea da eta unibertsitate berean doktorea Psikodidaktikan. El tratamiento de la muerte en el álbum infantil. Obras publicadas en castellano (1980-2008) izeneko tesia aurkeztu zuen. Idazlea ere bada.

Galera, heriotza eta dolu-prozesua haurren hezkuntzan. Oraindik ere tabua den gaia da?

Taburik berez ez dago. Tabua guk geuk sortzen dugu gai zehatz bati aurre egitera ausartzen ez garenean. Heriotza tabua den? Heriotza unibertsala, ezinbestekoa eta beharrezkoa da, eta, hala ere, tabu bihurtu dugu. Motiboak asko dira; giza botearekin eta erlijioarekin lotuak batzuetan, ezjakintasunarekin eta beldurrarekin, beste batzuetan.

Helduaren ikuspuntua ezagutu behar da fokua umeengan jartzeko. Norberaren ikuskerak baldintzatzen du bestea?

Helduaren ikuspuntuak eragin handia izaten du umearengan, zalantzarik ez. Dena den, askotan helduok ez dakigu heriotzarekin zer egin, nola aurre egin. Umeak galdetzen digunean, ez dugu jakiten zer edota nola erantzun. Aitzakietan ibiltzen gara gai deserosoen aurrean. Gezurrak esaten ditugu eta, horren ondorioz, mundu irreal bat irudikatzen dugu. Tabu egiten ditugu ohikoak, naturalak, saihetsezinak eta beharrezkoak diren gaiak.

Haurrek esperimentatu ditzaketen emozio-egoerak atzematen jakitea garrantzitsua da prozesuan lagundu ahal izateko.

Bai, baina ez hori bakarrik. Umeak ezagutu behar ditugu haien interesak eta beharrak antzemateko. Umeak jakin eta ikasi nahi du, baita gai tristeen inguruan ere. Eskubidea du munduaz, oro har, eta bere munduaz, bereziki, informazioa jasotzeko. Bizitzan tristura eta porroterako momentuak badirela jakin behar du, eta triste egoteko eskubidea eta motiboak badituela ere bai.

Prozesuan laguntzeko erremintak bilatuko dituzue, baita haur-literaturak eskaintzen duen laguntza ere.

Bai, haur-literatura baliabide bikaina da, baina kontuz!, baliabide bat baino ez da. Literaturak erantzun posible batzuk eskaintzen ditu, baina ez ERANTZUNA. Literatura oso lagungarria bada ere, ez gaitu ordezkatu behar, gu geu (gurasoak, irakasleak, pedagogoak...) baikara baliabide eta erreferentzia nagusia.

Nori dago zuzenduta?

Gai honetan interesa duten pertsona heldu guztiei (irakasleak, hezitzaileak, osasun-arloko langileak, gurasoak, ...)

Zer da ikastaroarekin lortu nahi duzuna?

Heriotzaren desmitifikaziorako eta naturalizaziorako bidean urrats txiki batzuk ematea sikiera. Haurra, galerak, heriotza eta doluaren inguruko hurbilketa teoriko-praktikoa eskaintzea, haurrekin heriotzaren inguruan zelan hitz egin jakiteko eta, galeren ondorioz, haurrek esperimentatu ditzaketen emozio-egoerak ezagutu, ulertu, eta laguntzeko bideak aztertzeko. Ez da gutxi.

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!