M28 udal eta foru hauteskundeak

Imanol Paskual (ELA): “2022an Osasunbidera bideratu zen BPGren %5,6a. Hori da UPNk Barcinaren garaian bideratu zuen portzentaje bera”

Euskalerria Irratia 2023ko mai. 24a, 20:43

 

Amaitzear dagoen legealdian lan alorrean gertatu denaren erradiografia egin nahi izan dugu. Horretarako STEE-EILAS sindikatuko Raul Lopez, ELAko ordezkaria Imanol Paskual eta Gaizka Uharte LABeko kidea bildu ditugu Irrintzi Plaza  saioan. Oro har, elkarrizketa falta salatu dute hiru ordezkariek. Irakaskuntzaren alorrean hiru mobilizazio eta bi greba egin dituzte ratioen jaitsiera eta lan baldintzen hobekuntza eskatuz eta ez dute ezer lortu. LAB eta ELAk, bere aldetik, politika fiskal berri bat aldarrikatu dute eta benetako gobernu aurrerakoia eratzea.

Legealdiaren balantzea

Raul Lopez (STEE-EILAS): “Hezkuntza alorrean atzera egin dugula esan daiteke. Hiru mobilizazio izan ditugu eta bi greba egin ditugu ratioak jaisteko, egonkortasun gehiago eskatzeko, gainzama kentzeko eta eros ahalmena berreskuratzeko. Legegintzaldiaren hasieran lortu genuen hezkuntzan ordezkoek udako oporrak kobratzea, baina hortik aurrera beste ezer ez. Betetzeko zailak diren lanpostuetan atzera  joan gara pandemian haur hezkuntzan ratioak 25etik 20ra pasa ziren eta ikasturte honetan berriz 25ean daude. 

Balantzea negatiboa egiten dugu. Gimeno ezagutzen genuen et badakigu zer adierazpen euskarafobikoak egiten zituen. PSNk erabaki zuen hori jartzea eta mahai sektorialetan ez da ia inoiz agertu izan. Itunduta genuen ikasketa artistikoetan euskararen aldetik jadanik euskaldunak diren irakasleekin, adibidez Arte eskolan edo Kontserbatorioan, euskarazko ikasketekin hastea eta hori ere ez dugu lortu. Lanbide heziketan kontrako pausoak eman dira. Altsasun, adibidez, euskarazko ziklo batzuk kendu dira eta hainbat tokitan PAI sartu da ingelesezko ikasgaiekin, ikasleek horretako gaitasunik ez zutenean eta abar. Inposizioa eta negoziazio eza, besterik ez da izan.”

Imanol Pascual (ELA): "Guk lehenik eta behin argi utzi nahi duguna da UPN Nafarroako Jauregian ez egotea  berri ona dela eta horrek ondorio batzuk  izan dituela. Hemen gaude hiru sindikatuok  pairatu genuen UPNren  bazterkeria murrizketen eta ustelkeriaren kontra mobilizazioak egiteagatik. Baina aztertzen baldin badugu aldaketa benetan noraino iritsi den erabat ez nahikoa izan dela ikusten dugu.  Aurreko legealdian ere erreforma fiskalari uko egitea edo  abiadura handiko trenaren aldeko apustua egitea atzerapausoak izan dira. Alde batetik UPNren garaiko elkarrizketa soziala eta UGT eta Comisiones sindikatuen gain-finanziaketarekin jarraitu dute. Bestetik, euskararen arloan ere atzerapausoak bizi izan ditugu eta hezkuntzan ere PAI programaren zabalpena egon da. Zentzu horretan, gure ustez bi legealdiak, eta bereziki hau,  ez nahikoak izan dira. Gure ustez UPN eta eskuina nafar gobernura berriro ez itzultzeko bermerik nagusiena izango da gauzak benetan aldatzea eta, gure ustez, hori ez da gertatu ez aurreko legealdian eta legealdi honetan ere."

Gaizka Uharte (LAB): "Egia da berri ona dela UPN Gobernuan ez egotea eta espero dugu hurrengo legealdian hala jarraitzea. Baina egia da, bestalde, lan epaitegitik kanpo gaudela oraindik eta estatus politikoaren inguruko eztabaidarik ez dela izan eta  erabaki propiorik ez direla hartu Nafarroan.  Gazteek soldataren %60a bideratu behar dute etxe baten alokairuari eta hemen jarraitzen dugu erabaki propiorik hartu gabe.  Guk  aldarrikapen  dugu 1.400 euroko soldata eta 30 orduko lanaldia astean. Uste dugu Gobernu honek eliteen alde egin duela eta horren adibide garbi bat da sindikatu korporatibo batzuekin, adibidez medikuen sindikatuarekin, negoziatu duela soldatak handitzeko. Irakaskuntzan, adinekoen egoitzetako langileak eta beste toki asko langileak nola dauden ikusita, esan dezakegu politika propioen falta dagolea.  Aurrera begira beharrezkoa da Nafarroak bere erabakiak hartzen joatea eta aipatutako kolektibo hauen guztien aldarrikapenei erantzuten joatea. Aldaketa esanguratsurik ez dugu ikusi."

Raul Lopez (STEE-EILAS): “Ratioaen inguruan Gobernuak zioen 19,5eko ratioa zegoela, etapa guztiak kontutan hartuta eta 17,3 lehen hezkuntzan, baina  kontuan hartu behar da Nafarroan ikastetxe txiki pilo bat dagoela eta haietan ratioak  nahiko txikiak direla. Horrek ezkutatzen du gero hiri-eremuan, Iruñerrian edo Tutera inguruan ratio handiagoak izaten direla,  25, 26 edota 27 haur gela bakoitzeko. Eta hori ezin da onartu, batez ere gobernuan dauden alderdi horiek denek aldez aurretik ratioak jaisteko eta Europako estandarretara hurbiltzeko konpromiso onartu zutelako. Oraindik oso urruti gaude. Egonkortzeari dagokionez  beste sindikatu batzuekin ibili gara egiazko egonkortasuna lortzeko eta ezinezkoa izan da. Behin-behinekotasun tasa izugarri altua da, ez bakarrik hezkuntzan, osasunbidean berdin edo altuagoa da eta hori da, azken finean, zerbitzu publikoak ahultzea. Gainera Pedro Sanchezek berak esan du, Europar Batasunak 20.000 milioi euroko doikuntza eskatu duela eta diru hori, ziur aski, zerbitzu publikoetatik aterako da.  Esaten denean  gobernu progresista bat dugula, zer esan nahi dute? hitz hori  super polisemikoa baita orain. Progresista da eskuin muturrekoa ez izatea? Alde horretatik gu oso kritiko gara. Eta orain adibidez, EH Bilduk eta Geroa baik biek esan dute PAIren legea indargabetu behar dela, baina gero ikusiko dugu negoziazio horiek ematen direnean zer gertatzen den. Hezkuntzatik ateratzen baldin bagara, adibidez, energiaren gaiaz  multinazionalek, oligopolio energetikoek zer-nolako tratua izan dute Nafarroako Gobernuan izugarria da. Gu oso mesfidatiak gara. UPN ez egotea ongi, baina  UPN bezalakoak baldin badaude beste alderdi batzuetan, ba ez dakit.” 

Gatazkak sektore aunitzetan ikusi ditugu: adineko egoitzetan ari diren langileak, osasun alorrean, garraiolariak, orain ostalaritzaren aldetik Sanfermin egunerako  greba bat iragarri dute. Oso legealdi mugitua izan da. Ezer lortu ahal da?

Imanol Paskual  (ELA): "Ez dut uste oso legealdi mugitua izan denik.  Agian sindikatuok ere autokritika egin behar dugu, baina dagoen egoera ikusita guk uste dugu sindikatuen ekarpena izan behar dela gatazkak biderkatzea. Azken finean bizitzen ari gara pobretze fase bat, soldataren eros-ahalmenaren galerarengatik, oinarrizko elikagaiak garestitzen ari direlako, interes tipoak eta alokairuak ere garestitzen ari direlako... eta hori gertatzen ari den bitartean ikusten dugu nola enpresa energetikoak, edota enpresa banatzaileak nola beraien irabaziak biderkatzen ari diren. Eta kontraste hori ematen ari da arrazoi batengatik. Ez da kasualitatea, baizik eta instituzioek politika neoliberalak aplikatzen ari direlako eta Nafarroako Gobernua ere hor kokatu behar dugu.  Erreforma fiskal bat egiteari uko egiten duenean edo erabakitzen duenean urtea superabitarekin bukatzea behar sozialak asetu ordez, hori ere politika neoliberala da eta horren erantzule ez dira bakarrik Nafarroako Gobernua osatzen duten hiru alderdiak, baizik eta UPNtik ezkerrera dauden alderdi guztiak. PSN, Geroa bai, Izquierda Ezkerra, Podemos eta EH Bilduk zortzi aurrekontu onartu dituzte Nafarroan, UPN gobernutik atera zenetik eta gaur da eguna zerbitzu publikoetara diru ez nahikoa bideratzen dutena. Askotan azpimarratzen dugu, baina 2022. urteko aurrekontuak Nafarroan bideratu zuten Osasunbidera barne produktu gordinaren %5,6a. Hori da UPNk Barcinaren garaian bideratu zuen portzentaje bera. Honek erakusten du zergatik dauden itxaron zerrendak, nola dagoen ZIU pedriatrikoaren egoera eta abar.”

Gaizka Uharte (LAB): "Gatazkak badira, baina nahi genituzkenak baino gutxiago.  Hala ere, meritu handikoa da adinekoen egoitzetan daramaten borroka ikusita zein egoera prekarioan dauden. Gizartean falta zaigu halako borrokekin enpatizatzea eta kalera ateratzea erantzun zabalagoa emateko. Egia da momentu honetan ba dagoela pobretze bat. Nafarren erdia pobrezia arriskuan dagoela eta hor ikusten dugu krisiak izan duen eragina. Baina borrokak egon dira eta borroka horietan sakondu behar dugu aldaketak eragiteko. Nafarroako Gobernuan, bestalde, ez dute politika ausarta egin, ez dute fiskalitatea aldatu eta patronalak planteatu dituen aldarrikapen guztietara makurtu direla. Aldaketa erradikal bat behar da eta halakorik ezin da izan gobernuak  patronala  behartu gabe. Izan dira borrokak, batez ere sektore feminizatuetan, baina gehiago beharko lirateke.” 

Soldata arrakala izugarria, lan istripuen kopurua hazten jarraitzen du urtez urte. Etorkizunari begira eta laster hasiko den legealdi berri horretan zer erronka egonen dira edo zer espero daiteke?

Raul Lopez (STEE-EILAS):  "Lehenik eta behin negoziatuko duen, eta adituko duen Gobernu bat eta horiekin gutxienez analisi bat partekatzeko eta irtenbideak aurkitzeko. Gu beti prest egon gara negoziatzeko. Pausoz pauso joateko moduak eman ditugu, baina haien aldetik zero izan da. Nik uste dut inportantea dela, eta oso kasu zehatza izan arren, aipatu behar dela: gaur egun eskola baliabideetako ataleko zuzendari nagusia UPNren garaian hor aritu zen eta aritu zen hain zuzen ere, murrizketak ezartzen. Garai hartan hori zen giza baliabideetako zuzendaria eta gaur egun zuzendari nagusia. Orduan, ez dakit zer espero daitekeen horrelako pertsona batengandik. Nik ez dakit zer-nolako oreka aterako den, zer-nolako osaera izanen duen hurrengo Nafarroako Gobernuak, baina guk eskatuko genuke, batez ere, orain oso kritiko agertu diren alderdiek ez sinestea UPN ez egonda egoera salbatu dugula. Badakigu denok ez dugula izanen justu nahi duguna, baina negoziazio negoziatzeko prest egotea gutxienez, eskatzen dugu.

PSNk nahi izan zuenean PAIren legea atera zuen, baina hizkuntza politika Geroa Bairen eskuetan egon da eta hor PSNren betoa dago eta ezin da deus ere egin. Batzuek beto eskubidea dute eta besteek ezer ez. Hori ez da oso orekatua." 

Imanol Paskual (ELA): "Gelditu den sentsazioa da PSN, nahiz eta 11 ordezkari izan, gehiengo osoarekin gobernatu duela. Etorkizunari begira Nafar Gobernuak hartu beharko lukeen lehendabiziko erabakia da erreforma fiskal bat aurrera ateratzea. Lehen Raulek aipatu du askotan hitz egiten da gobernu aurrerakoiak direla eta progresistak direla, baina hori benetan neurtzen da politika fiskalean. Eta gaur egun daukagun fiskalitatea ez nahikoa eta bidegabea da eta gainera iruzur fiskala ahalbidetzen du. Europan dagoen bataz besteko presio fiskalera gero eta gehiago hurbiltzea lortu beharko genuke. Hurrengo nafar Gobernuak bere lehentasunen artean kokatu behar du inbertsio publikoa gehiago egitea, batez ere, bai sozialki eta ekologikoki jasangarriak eta beharrezkoak diren sektoreetara bideratuta. Hori izan da nafar Gobernu honek, bai Abiadura handiko trena edo baita ere Erditzeko meategiaren proiektuarekin egin duen justu kontrakoa. Bestalde, langile publikoen lan baldintzei begira egin behar dena da KPI igoera bermatzea. Patronala negoziazio kolektiboa blokeatuz eta Nafarroako Gobernua bere langileei soldata ez igotzearekin, aprobetxatzen ari dira KPIren igoera langileen kalterako. Administrazioak badauka ardura bat da sektore azpikontratatuetan, besteak beste, erresidentzietako langileekin eta haien lan baldintzak duintzeko bada bide luze bat egiteko. 

Gaizka Uharte (LAB): "Fiskalitate berri bat behar da, zalantzarik gabe. Proiektu txikitzaileekin amaitu beharra dago, AHT bezalako azpiegiturek ez dute zentzurik eta gainera horrek duen kostua erabili daiteke gastu publikorako. Honekin batera bukatu behar da gaur egun dagoen elkarrizketa sozialerako ereduarekin eta benetako erronkei heldu behar zaie: soldatei eta lan jardunaldiei, bereziki. Euskarari buruz esan behar dugu behingoz ofizialtasunaren aldeko pausoak eman behar direla. Demokratizazioan ere aurrerapausoak eman behar dira. Gaur egun oraindik afiliazio karnet batekin sartu da lanera toki askotan. Sindikatuok eta eragile sozialek lana izango dugu, zalantzarik gabe, hurrengo legealdian".

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!