Zortzi urte daramatza Jon Gondanek Zizur Nagusiko alkatetzan Geroa Bai alderdiarekin. “Urte hauetan gauza asko egin ditugu, baina, hainbat proiektu ditugu eskuartean oraindik. Zikloa bukatzeko beste lau urte egotea da gure nahia. Egitasmo interesgarriak prestatzen ari gara”, adierazi du.
Azken legealdia ez da ohikoa izan pandemia izan delako tartean. Gondanek uste du Udalak nahiko bakarrik izan zirela, inongo laguntzarik gabe. “Osasun arloan bereziki neurriak hartu genituen guk eta zailtasunei aurre egiten ikasi dugula iruditzen zait”, gogoan izan du.
Izaera anitza duen Udala da Zizur Nagusikoa. Gehiengo oso egonkorra izan zitekeela uste bazen ere, ez zen hala izan. “2019an EH Bildurekin eta AS Zizurrekin udal gobernuan izan gara. PSN ez zen sartu”, adierazi du. Lehen urtean “nahiko ongi” egin zituzten lanak Geroa Baiko alkatearen ustez. Bigarrenean, baina AS Zizur mugimendu “arraroak” hasi zen egiten: UPNrekin zentsura mozioa prestatzen hasi zen. “Kanporatu egin genituen”, nabarmendu du. Geroa Baik eta EH bilduk segitu zuten Udalean gehiengorik gabe eta PSNrekin hitz egiten. “Aurrekontuetarako adostasuna erdietsi genuen”, esan du.
Proposatutako gehiena gauzatu da
“Proposamen ia guztiak gauzatu ditugu. Pozik gaude. Dena atera da, gehiengo batekin. Hori ona da herriarentzat”, adierazi du Gondanek. Proiektuak asko izan dira: kirol instalazioak, kiroldegiak berritzea, kirol eta gizarte gune bat sortzea, mugikortasun arloan bidegorria egitea… martxan dagoela dena esan du.
Hemendik aurrera eskuartean dituztenen berri ere eman du Geroa Baiko alkateak: “Zizur Nagusitik Iruñera joanen den bidegorria izanen da aurrera begirako proiektuen artean eta horrekin batera Zizur Nagusiko eta Ardoiko etorbidea estaltzeko parke eta berdegunea egin nahiko genuke”.
Segurtasun kameren kontura polemika izan zen duela hiru urte. Gogoratu du Gondanek 2020. urteko udan arazoak izan zirela etxebizitza zenbaitetan, zenbait saltokitan.. eta horri erantzunez sortu zela kamera gehiago jartzeko aukera. “Une hartan proposamen egokia izan zela uste genuen. Baina, herritar hainbatek horren kontrako sinadurak bildu zituzten. Haiekin hitz egin genuen eta erabaki genuen kamerak ez jartzea”, azaldu du. Hausnarketarako baliagarria izan zen prozesua izan zela esan du.
Euskara jomugan
Polemika izan zen eskolako atezain postuetarako euskara baloratu gabe geratu zelako. Horrek ez zuen Euskararen Ordenantza betetzen eta Nafarroako Administrazio Auzitegiak ere hala jakinarazi zion: gutxienez meritu gisara aintzat hartu behar da euskara. Zizur Nagusiko barne araudiak hala jasotzen du: herritarrekin harremana duten postuetarako gutxienez euskara aintzat hartu beharko dela, dio. “Nafarroan euskara ofiziala balitz ez genituzke halako arazoak izanen. Nik espero dut, uneren batean Nafarroako Gobernuak euskara gehiago bultzatzea eta euskara ofiziala egitea Nafarroa Osoan. Horrek ekidinen lituzkeelako arazo asko”, esan du Gondanek.