EH Bilduko zazpi hautagaik zinegotzi karguaz jabetzeari uko eginen diote, baldin eta hautatuak izaten badira. Koalizio subiranistak erabakia txalotu du, eta erantsi du bat datorrela koalizioak berak behin baino gehiagotan adierazitako “konpromisoekin”. Adierazpen horiekin bat egin du Atarrabiako EH Bilduko alkategai Mikel Oteizak, gaur Metropoli Forala saioan egin zaion elkarrizketan.
Esan gabe doa Oteizak alkatetzan eman berri duen legealdia ez dela ohikoa izan. Pandemia tarteko, zenbait gauza “egiteko” geratu dira. Horregatik erabaki du Oteizak berriro alkategai izatea: "Horregatik eta EH Bildun talde berri bat sortu dugulako hautagaia osatzeko, aurrera egiten segitzeko".
Politikara “bilakaera logiko” baten ondorioz iritsi zen Oteiza, 27 urterekin: “Herrian saltsa guztietan nengoen. Antzerki taldea, kultura jarduerak, euskara, gazte taldea… Denetan nengoen eta udala falta zitzaidan bakarrik”, azaldu du.
Uholdeek eragina izan ez dezaten
Hiru uholde handi izan dira Atarrabian azken zortzi urteotan. Europako funtsetatik 5,3 milioi euro iritsi dira arazoa moldatzen ahalegintzeko. “Badugu plan bat: eraldaketa handi bat egin nahiko genuke. Legealdiko lehentasun handiena izanen da hori. Konplexua da egoera. Administrazio desberdinek parte hartzen dute eta baita partikularrek ere. Konfederazio Hidrografikoa ere tartean da. Zubi berri bat beharrezkoa da, berdegune zabala egin nahiko genuke espazio naturala alegia. Lan handia eskatzen duen prozesua izanen da, horri eutsiko diogu, martxan gaude dagoeneko”, azaldu du Oteizak.
Ultzama ibaiaren eskuineko alde guztian industria kokatu zen. Beste aldean, soroak zirenak, etxebizitzak hartu dituzte, auzo oso bat eraiki da bertan. “Ibaiari espazioa kendu diogu. Orain, kudeaketa lana tokatzen da eta ahal den neurrian ibaiari itzuli behar zaio lekua”, esan du.
Zabaltzerik ez dagoen herrian, bestelako aukerak
Eskuartean hainbat proiektu dituzte Atarrabian. Osasun etxe berria esaterako martxan dago jada. “Kokapena erabakita eta tramite administratibo guztiak eginak daude. Nafarroako Gobernuaren pausuen zain gaude. Hiru urteko epea dago orain. Osasun etxe zaharrarekin zer egin behar den ere erabaki beharko da”, esan du. Nafarroako Gobernuarena da egun erabilgarri dagoen osasun etxea baina espero dutena da zesioa egitea eta udaletik erabaki ahal izatea zer egin. “Zerbait soziala izanen da ziur, adineko jendearekin lantzeko espazioren bat. Baina zehaztu gabe dago, prozesu parte hartzaile bat jarri nahiko genuke abian espazio hori edukiz betetzeko”, dio.
Etxebizitza arazoa ere ez da erraza Atarrabia bezalako herrian. Hirigintza nahiko agortua dago. Herria amaitua dago, ez dago zabaltzerik. “Zirugia lana egin beharra dago. Dagoenarekin lan egin behar da.Gehiena jabego pribatuen esku dago eta zaildu egiten du horrek egoera. Baina horretan gabiltza. Diagnostikoan, ezagutzen zenbat etxebizitza huts dagoen”, adierazi du. “Hori izanen da aukera bakarrenetakoa gazteak gera daitezen”.
Aparkalekuak ere premiazkoak dira. “Mugikortasunean eraldaketa beharrezkoa da. Espazio txikian aparkatzea oso zaila izaten da, are gehiago, orduaren arabera”. Gaineratu du, 300 aparkaleku berri egin dituztela azken 8 urteetan. Kontuan hartu behar da etxebizitza bakoitzean ibilgailu bat baino gehiago dagoela eta arazoa zaila dela bideratzen.
Kiroldegia berritzeko asmoa ere bada “aspaldidanik”. “Dirua falta da garatu ahal izateko, baina, beste lehentasun bat ere izanen da hori”. Izan ere, kirol azpiegiturak frontoia, piszinak, kiroldegiak… zaharkituak daude. Hasi gara berritze lanetan”, esan du. Kirol eskaintza oparoa da herrian Oteizaren esanetan, jende askok egiten du kirola eta “beharrezkoa da” baldintza egokiak ematea. Atarrabia Sasoiko, adinekoekin lantzeko proiektu polita ere martxan dagoela izan du gogoan.
Politika feminista ezartzeko asmoaz ere mintzatu da. “Parekidetasuna ezartzeko ezin da arlo bakarrean zentratu. Esparru guztietara bideratu behar da. Transbertsala da gaia. Betaurreko feministak jarri behar ditugu arlo guztietan. Astindu bat eman nahi diogu, serio hartuz gaia”, nabarmendu du.