Entzutekoak

Gizalaba: Josephine Baker, dantzaria, espioia eta pertsona beltzen aldeko aktibista

Euskalerria Irratia 2023ko api. 18a, 20:21

Afroamerikar jatorriko dantzari, abeslari eta aktore frantsesa izan zen nazioarteko lehen vedettetzat hartua izan den artista hau.  Alemania naziaren aurkako espioia eta pertsona beltzen eskubideen aldeko aktibista garrantzitsua izan zen Bakarne Atxukarrok aste honetan aurkeztu digun Gizalaba. 

Josephine Baker

Gaurko gizalaba Josephine Baker da.

Joan den astean, apirilaren 12an, hain zuzen, haren heriotzaren urteurrena izan zen, eta horregatik ekarri dugu gaur irrati saio honetara. Horregatik, eta merezi duelako, noski.

Afroamerikar jatorriko dantzari, abeslari eta aktore frantziar bat izan zen, nazioarteko lehen vedettetzat hartua dena; Alemania naziaren aurkako espioia, eta pertsona beltzen eskubideen aldeko ekintzailea.  Hori dena izan zen gure Josephine; beraz, gaur asko izango dugu kontatzeko.

Missourin jaio zen 1906ko ekainaren 3an. Txikitan eskolako eginbeharretan eta amak lan egiten zuen etxeetako garbiketan ibili zen, 13 urte bete arte. Orduan, ezkondu egin zen.

Aita artista zeukan. Josephinerekin ez zen inoiz bizi izan, baina haren eragina sumatzen zen hasieratik neskaren nortasunean. Horregatik inor ez zen harritu, 14 urte zituela, dantza lehiaketa bat irabazi zuenean. Horrek antzoki batean lan egiteko aukera eman zion, eta, bat-batean, oholtza bihurtu zen haren diru-iturri.

Senarra utzita, “Jones Family Band” kaleko artista taldekide bilakatu zen, eta Dixie Steppers konpainian sartu zen. Horren eraginez, taldea Amerikan zeharreko  emanaldi sorta  bat  egiten hasi zen, Filadelfiaraino heldu arte. Bertan, atsedenaldi bat hartu zuten, batez ere Josephinek "Willie" Baker blues gitarra-jolea ezagutu zuelako. Handik oso gutxira bigarren senarra bihurtu zen , neskak 15 urte zituela. Bai, 15 urte eta bi senar. Haren bizitzan sei izan zituen.

Bigarren senar horrekin antzoki estandarrera hurbildu zen Josephine. Eta lana aurkitzen zuen beti, dantzari gisa. Baina hori ez zen berak gustuko zuena. Haren helburua Broadway zen. Hori zela eta, 16 urte zituela, senarra utzi, eta New Yoykera joan zen.

Behin hara helduta, eta haren bizitzan ohikoa zenez, bixi-bixi ibili zen, eta astirik galdu gabe, laster Broadwayko Music Hallen ateen parean kokatu zen. Hasieran zuzendariak ez zuen ikusi nahi, eta kritika zorrotzak besterik ez zion egin. Baina neska tematia zen, eta azkenik papertxo bat eman zion populazio beltzaren artean oso ezaguna zen komedia musikal batean.

Bi urtez aritu zen espektakulu horretan, bai New Yorken, bai konpainiak egindako ibilaldian. Bertan, Donal Reagan produktorea ezagutu zuen. Berak Frantziara joatea proposatu zion, eta Josephinek baietz erantzun zion.

Beraz, 19 urte zituela, debuta egin zuen Parisen. Musikak jazz kutsu bat zuen, eta garai hartan horrelako erritmoak harrera ona zeukan Europako ikusle- entzuleen artean. Baina benetan harrigarritzat  Josephineren mugitzeko  modu exotikoa hartu zuten, lotsagabeko sentsualitatea eta  jantzi  urriak.

Segituan vedette bilakatu zen, eta Europan zehar ibili zen . Haren izena oso ezaguna zen, bere arteagatik eta berarekin  zeraman lehoinabarragatik, orkestra ikaratua zeukana, eta ikusleak, liluraturik.

Behin  emanaldi sorta hura bukatua, Parisera bueltatu zen, eta han bere kluba zabaldu zuen, Chez Josephine. 21 urte zituen.

Aldi berean, zinema arloan sartu zen. La Sirène des Tropiques pelikula estreinatu zuen, eta gero Zouzou.  Horren ondorioz, film bateko protagonista izan zen jatorri afrikarreko lehen emakumea  izan zen. Princesse Tam Tam pelikula ere egin zuen, oso arrakastatsua izan zena.

20ko eta 30eko hamarkadetan pelikula gehiago egin zituen. Horrez gain, argazki-modelo gisa aritu zen, baita abeslari ere, disko batzuk grabatu zituen eta.

Baina haren arrakasta handienak oholtza gainean eta vedette moduan  lortzen jarraitu zuen.

1936an Estatu Batuetara itzuli zen, etxera, emanaldi sorta bat egiteko asmoz. Baina han jaso zuen harrera ez zen Europan jasotakoa bezalakoa. Kritika asko egin zizkioten ikuskizun promiskuo bat egiteagatik. Gainera, beltza izateagatik, hainbat hotel eta jatetxetan sartzea debekatu zioten .

Hori ikusita, Josephinek bertan behera utzi zuen ikuskizuna, eta Parisera bueltatu zen. Han frantses hiritartasuna eskuratu zuen bere hirugarren senarrarekin, azukrearen handiki batekin, ezkontzean. Eta lanean jarraitu zuen; azken finean, Europan oso  izen ona zeukalako eta jendeak errespetu osoz tratatzen zuelako.  

Hasieran, bere artea erakarpen exotiko eta sentsual batean oinarritzen bazen ere, denborarekin gizarteko goi-klaseen miresmena irabazi zuen gure Josephinek, ebanozko Venustzat hartua zena. Beraz, denbora aurrera joan ahala, oso emakume argia zela frogatu zuen, bere irudia probesteko eta erabiltzeko gai zena, nahi zuen ikusleriari forma (?) emateko.

Eta horrelaxe jarraitu zuen, II. Mundu Gerra lehertu arte. Egoera berri horretara egokitu zen, eta laster ikusi zuen bere tokia zein zen  . Frantziako erresistentzian sartu zen, eta espia bihurtu zen. Frontera joaten ziren soldaduen animoak aupatzeko haren ikuskizunen bidez, eta bide batez, partituretan ezkututako mezuak igortzen zizkien agintariei. Gurutze Gorriarekin ere lan egin zuen.

Gerraren ondoren, Erresistentziaren Domina eta Ohorezko Legioa jaso zituen. Bere ekintza guztia, Frantzia askearen zerbitzura erresistente gisa, Hitlerren aurkako Josephine izeneko liburuan  zehazten da.

Gero, laugarren senarrarekin ezkondu zen, orkestra zuzendari batekin, eta jarduera artistikora bueltatu zen. Urte batzuk eman zituen Parisko cabaret zirkuitoan.

Kuban ere beste  hainbat emanaldi  egin zuen, Estatu Batuetara joateko gero. Han, lan egiteaz gain,
afroamerikar gizarte-laguntzako mugimenduetan agertzen hasi zen. Izan ere, Estatu Batuetan publiko guztientzako (arrazen bereizketarik egin gabe) eskaini zuen ikuskizun bat lehen artistetako bat izan zen, kontzertu-areto batean.

1963ko Washingtongo martxa mitiko hartan parte hartu zuen, gogoan duzu, ezta?,  hura, Martin Luther Kingek "Nik amets bat dut" esan zuenekoa. Jakina denez, bost urte geroago Luther King  hil zuten. Orduan, berak hil arte zuzendu zuen mugimenduaren buruzagitza eskaini zioten Josephineri, baina hark ez zuen onartu.

Munduan zeharreko  kontzertu sorta bat egin ondoren, agur esan zuen, eta eszenatokietatik urrun ibili zen. Haren lehentasuna laugarren senarrarekin adoptaturik zeuzkan 12 seme-alabak ziren. Jatorriz ezberdinekoak zirenez, Ortzadarren tribua deitzen zien. Dordoñako “Milandes” finkan bizi ziren guztiak.

Leku eta familia horrek langile asko behar zituen, eta Josephinek aberastasun guztia gastatu behar izan zuen bertan. Hori dela eta, erretiratuta zegoen arren, diru pixka bat berreskuratzeko, emanaldi ugari egin behar izan zituen.

 

Baina ez zen nahikoa izan. 1964ko ekainean, Josephine Bakerrek, ia hondamenean, enbargatu behar zizkioten  bere  ondasunak salbatzeko deia egin behar izan zuen. Bertan seme-alabak bizi ziren, eta etxerik gabe geratzen baziren, kale gorrian geratuko ziren guztiak.

Brigitte Bardot aktoreak, emakume horren larritasunak hunkiturik eta gogaiturik, berehala sartu zen haren erreskatean eta txeke potolo bat bidali zion.

Bitartean, Monakoko Grace printzesak, vedettearen lagun eta Estatu Batuetan jaiotako artista ohiak, etxe bat eskaini zion Roquebrunen, bizitza osoa eman zezan, eta Monakora gonbidatu zuen sarritan karitateko ikuskizunetara joan zedin.

Bistan dagoenez, Josephine oso maitatua zen, eta errespetatua.

1975eko apirilaren 10ean, bere apartamentuan zegoela, buruko isuria izan zuen, eta koman  ospitalera eraman zuten. Bi egun geroago  hil zen, 68 urte zituela.

Josephinen hiletak ohore militar guztiak izan zituen. Izan ere, Frantzian ospatutako hiletetan ohore militarrak jaso zituen lehen emakume estatubatuarra izan zen, bere hilobia Monakoko hilerrian egon arren.

2021eko azaroaren 30ean, Frantziako Errepublikak Bigarren Mundu Gerran Frantziako Erresistentzian egindako lana eta eskubide eta askatasun zibilen alde egindako ekarpena aitortu zituen. Ondorioz, Josephine Parisko Panteoian sartu zuten, Frantziako historiako pertsona handiekin batera. Horren ondorioz, Josephine Parisko Panteoian sartu zen lehen emakume beltza bihurtu zen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!