Entzutekoak

Bakarne Atxukarro: "Sophie Germain matematikariaren hilobian 'Emakume ezkongabea eta ogibiderik gabea' irakur daiteke"

Euskalerria Irratia 2023ko urt. 31a, 18:11

1777an Frantzian sortutako zientzialari hau 13 urte hasi zen fisika bere kabuz ikasten etxean zituen kliburuekin. Emakumea izateagatik oso zaila izan zuen ikas prozesua eta bizimodua ere ez zuen erraza izan ez zelako ezkondu. Goi mailako matematikaria izatera iritsi zen emakume hau da aste honetan Bakarne Atxukarrok aurkeztu digun Gizalaba.  

Sophie Germain

Otsailaren 11n Neska eta Emakume zientzialarien nazioarteko eguna ospatuko dugu. Hori dela eta, gaur zientzialari bat ekarri dut saio honetara, gizalaba bat izateagatik, haren bizitza oso bitxia izan zen eta.

Bere izena Sophie Germain zen, baina haren garaiko matematikarientzat eta beste intelektual batzuentzat, Antoine Auguste LeBlanc zen; beraz, gizon baten izena izengoiti gisa hartu zuen, matematika jardueretan jarraitzea posible izateko, garai hartan emakumeek ezin zutelako ikasketarik egin.

Gure Sophie Parisen jaio zen 1777an. Gurasoak Frantziako Iraultzan parte hartu zuten bikote burgesa zituen.

13 urte zituela, fisika ikasten hasi zen etxeko apalategietan horri buruzko liburuak zituen eta. Gurasoek zaletasun hori ez zuten ulertzen, eta haien esku zegoen dena egiten zuten alabak ikastea saihesteko. Baina, azkenik, amore eman behar izan zuten, eta betirako hartu zuten haien hegalpean, ezkondu ez zenez, eta matematika jarduera ogibide ezin ez zuenez bihurtu, diru-iturririk inoiz ez zuelako izan.

18 urte zituela Parisko Eskola politeknikoa zabaldu zuten. Sophie, emakumea zenez, ezin izan zen sartu. Baina hango klaseetan ematen zituzten apunte batzuk eskuratu zituen, eta haren kabuz ikasi zuen. Autodidakta hutsa izan zen.

Interes berezia piztu zion Joseph-Louis Lagrangek egindako ikerpenak, eta, «Le Blanc jauna» ezizenarekin, artikulu batzuk bidali zizkion. Matematikariarekin hasi zen hizketan, gutunen bitartez. Lagrange txundituta geratu zen artikulu horiekin, eta eskutitzetan irakurtzen zituen argudio eta hipotesiekin. Horregatik, elkarrizketa bat eskatu zion Le Blanci. Ezagutu nahi zuen gazte azkar hura. Orduan, Sophiek beste erremediorik ez zuen izan, eta bere nortasuna jakinarazi behar izan zion. Hura jakinda, Lagrange aurreiritzien gainetik aitortu zuen neskaren talentua. “Châpeau” esan ziola suposatzen dugu, edo horrelako zerbait, eta ikasten jarraitzera gonbidatu zuen, nahiz eta klasetik kanpo egin behar.

Urte batzuk geroago, Gauss matematikariaren lana ezagutu zuen Sophiek. Badakizu, ezta? Estatistikan eta psikologian erabiltzen den Gaussen kanpaiaren sortzailea. Ba, horrekin ere, gutunak partekatzen hasi zen.

Eta horrekin lotuta dagoen anekdota bat kontatuko dizut orain. Jenioekin gertatzen den bezala, Gauss haren munduan bizi zen. Napoleonen gerra gori-gorian zegoen eta Sophie beldurrez zegoen, matematikari paregabe hura gertatzen ari zen gerra horren erdian bizi zela zekielako. Etsaia aterian zeukala ez zelakoan ohartuko zegoen neska. Horregatik, jeneral zeukan lagun bati Gauss babesteko eskatu zion. Horixe egin zuen lagunak, eta noren partez joaten zen Gaussi esan ziotenean, harritua geratu zen matematikaria, Sophie Germain izena sekulan ez zuelako entzun. Sophie eta Leblanc jauna pertsona berbera zela jakin zuenean, zur eta lur geratu zen. Segituan, emakumea miresten zuela aitortu zuen.

Sophie haren jardueretan jarraitzen zuen mundua ere aurrera joaten zen bitartean. Urteak joan, urteak etorri, 1811n alegia, gainazal elastikoen bibrazioei buruzko matematikari alemaniar batek garatutako teoria azaltzeko lehiaketa bat antolatu zuen Frantziako Zientzien Akademiak. Bertan, parte hartu zuen Sophiek, noski, baina bi aldiz atzera bota zizkioten konklusioak. Baina, azkenik, 1816an onartu zizkioten. Lehiaketa irabazi zuen, beraz.

Beste bitxikeria bat. Jende mordo bat joan zen sari banaketara, emakume matematikari hura ezagutzeko asmoz. Baina Sophie ez zen joan. Ez zuen bitxia hartuta izan nahi. Gainera, saria ez zen benetan interesatzen zitzaiona, harri esker lortzen zuen eskubidea baizik. Izan ere, sari horren bitartez, Frantziako Zientzien Akademiako saioetara joan zen lehen emakumea izan zen. Ordurarte haietara joan ziren emakume bakarrak, kideen emazteak izan ziren.

Teorema asko demostratu zituen haren bizitza osoan. Agian, ezagunena, haren izena daraman teorema da, baina hori matematika zaleentzat utziko dugu. Fisika eta filosofia ikerketak ere egin zituen.


Esan beharra dago, 55 urte zituela bular minbiziak jota hil zela. Haren hilobian “Emakume ezkongabea eta ogibiderik gabekoa” jarri zuten, bizitza osoa matematikan murgildurik emana izan arren.

 

Hil baino urte bat lehenago, Gaussek Honoris Causa doktoretzarako proposatu zuen Gotingako Unibertsitatean. Unibertsitate horretako irakaslea zen, eta eragin handia zuen unibertsitate horretan.

Halere, proposamen horri uko egin zioten. Baina, hil ostean, erabakia aldatu zuten, eta, azkenik, merezi zuen ohorezko aitorpena jaso zuen Sophiek.


Gaur egun, Frantziako Institutuak, Zientzien Akademiak proposatuta, Sophie Germain saria ematen dio urtero matematikan lan garrantzitsuena egin duen ikertzaileari.


Halaber, Parisko kale batek eta lizeo batek bere izena daramate, eta plaka batek, hil zen etxean, matematikari eta filosofo gisa gogoratzen du.

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!