Ximun Fuchs: "Pandemiarekin denak bilakatu ginen eszeptiko, ez genuen inor sinisten"

Euskalerria Irratia 2023ko urt. 30a, 19:05

Axut! eta Artedrama antzerki taldeek Zaldibarko zabortegiaren luizian eta COVID pandemian murgildu dira Harkaitz Canok idatzitako 'Hondamendia' lan berrian. Gayarre Antzokian ikusi ahal izanen dugu asteazken honetan, otsailaren 1ean, 20:00etan. Ximun Fuchs, muntaiaren zuzendariarekin mintzatu gara Irrintzi Plazan. 

“Zaldi urdina” antzezlanean drogen munduan soa pausatu ondoren, azken urteetako bi krisi handietatik eratorritako kezkatan jarri dute arreta oraingo honetan: Zaldibarko zabortegiko ezbeharra eta pandemia.

‘Hondamendia’ lan honetan 8 aktore ikusiko ditugu oholtza gainean: Ander Lipus, Maite Larburu, Manex Fuchs, Ruth Guimerà, Eneko Gil, Jon Ander Urresti eta Etxauriko Ane Sagués aktore gaztea, Harkaitz Canok idatzitako testuarekin.  

Sarrerak salgai 8 euroan.  

'Hondamendia'

Zaborra metafora bat da batzuetan. Baina ze metafora da kiratsa darion hau?

2020ko otsaila: zabortegi baten kolapsoak bi langile desagerrarazi ditu azpian. Esan patua izan dela. Esan zoria izan dela. Edo haien senide ttipi eta apala, zorte txarra. Ardura eta erantzukizuna maskaratzeko mozorroak ere izan daitezke, ordea, hondamendiari jarritako hitzok. Batzuentzat ezbeharra dena, istripua da beste batzuentzat.

2020ko martxoa: covida heldu da. Osasun arazo batek bazterrean laga duen irrati-esataria, Zaldibarko zabortegiaren luiziari hitzak ematen saiatuko da. Egia, egitatea, kontakizuna… Baina nola adierazi samina mundua pandemia baten menpe izoztu denean?

Nola eman liezaioke zentzua bere lanari eszenatokira igotzeko grina galdu ez duen dantzariak, absurdoak funtsezko oinarriak irauli dituenean?
Ospitalean bertan, bere lana ahalik eta txukunen egiten saiatzen den erizain arretatsuak, lortuko ote du onik ateratzea?

Bitartean, Zaldibarren, aita galdu duen alabak eta senarra galdu duen emakumeak erreskate zerbitzuek hilotza noiz aurkituko zain jarraitzen dute, hilabeteak joan eta hilabeteak etorri.

Hitz hoberik topatu ezean “hondamendia” deitu diogun horrek ataka larrian jarri ditu guztiak, halako gertaera lazgarri baten ondotik deus okerragorik etor ezin daitekeen ustean.

Pantailek hartu dute hitzaren tokia eta zaborrak gure bizien arrasto bihurtu dira. Langile bat hiltzen da beharrean. Astero.

2022ko otsaila… Zabor meta erraldoian aztarrika, bide-seinale modura erabiliko ditugun galdera ikurrak besterik ez ditugu topatu. Eta bizitzaren balizko zentzuaren gainetik, bizitza bera huts-hutsean maitatu behar dugula dioen intuizioa

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!