Asier Hormaza: "Hau desberdintasunari buruzko komedia (beltz) bat da"

Asteazken honetan, 20:00etan, Ados Teatroa konpainiak lan bat estreinatuko du euskaraz Gayarre antzokian: “Lagun beltz asko”. Desberdintasunari buruzko komedia (beltz) bat Garbi Losadak idatzia eta zuzendua. Oholtza gainean hiru aktore arituko dira: Ramon Ibarra, Asier Sota eta Asier Hormaza.

Berandu da. Arimarik ere ez dabil kalean. Ixteko zorian dagoen edozein taberna da. Barnean, jabea eta haren lagun onena azken tragoa hartzen ari dira. Elkarren lagun bikainak dirudite, baina biek dituzte sekretuak eta traizioak ezkutuan. Bat-batean, galduta dabilen gizon batek atea joko du eta Londresen duen alabari deitzeko mugikorra kargatzen uzteko eskatuko die. Gau luze baten hasiera izanen da: ‘hemengoek’ lagundu besterik ez diote egin nahi hain urrundik datorren horri, ia ezer ulertarazi eta ulertu egin ezin duen horri.