Irulegi mendiaren tontorrean, izen bereko gazteluaren oinarrian, dagoen herriko aztarnategi arkeologikoan aurkitu dute Irulegiko eskua. Berantiar Brontze Arotik (K.a. XV. eta XI. mendeen artean) K.a. I. mendearen lehen herenera arte izan ziren bertan baskoiak, erromatar tropek su eman ondoren abandonatu zuten arte.
Indusketak garrantzi berezia du, garai hartako irudi izoztua eskaintzen baitu. Erasoen ondorioz, herrixkari su eman zioten eta hormak etxebizitzen gainera erori ziren, barruan zegoena lurperatuz, baina baita babestuz ere. Horri esker, kontserbazio-egoera onean dauden zeramika eta eguneroko objektuak aurkitu ahal izan dira.
Aztarnategi arkeologikoa antzinako herrixkaren kanpoaldeko eremuan aurkitu dute eskua. Eremu irekia da, 370 m2-ko azalera du, eta 70 m2 inguruko bi etxebizitza eta bide nagusiaren zati bat agertu dira, 4 metroko zabalerakoa.