Miren Mindegia: "Fikzioak emakume rolekin egin dezakeen gauzarik okerrenaren adibide argi bat da 'Blonde' filma"

Euskalerria Irratia 2022ko urr. 19a, 19:55

Miren Mindegia kazetariak ezin izan du 'Blonde' pelikula osorik ikusi, begirada maskulinoa nabarmenki nagusitzen delako Marilyn Monroeren inguruko fikziozko film honetan. Zer den begirada maskulino hori azaldu digu Irrintzi Plaza saioan. 

1950-60ko hamarkadetan zinemako ikono unibertsal nagusietako batean bilakatu zen Marilyn Monroeren inguruko biopic-a estreinatu berri da Netflixen: Blonde.

 

  • Zuzendaria: Andrew Dominic
  • Pertsonaia nagusia Ana de Armas aktore kubatarrak interpretatzen du. Beste aktore batzuk: Adrien Brody, Bobby Cannavale, Julianne Nicholson
  • Sinopsia: Pulitzer Sarirako bost aldiz izendatu zuten Joyce Carol Oates idazlearen best-seller batean oinarritua dago filma. Munduko sex symbol ezagunenaren, Marilyn Monroeren, historia pertsonal ausarta da. Marilyn Monroeren fikziozko erretratua da eleberria eta gehienbat zinema industriaren baitan, makinaria erraldoi horren baitan Monroek izan zuen ibilbidea du hizpide.

 

 

Zergatik film hau?

Sekzio honetan, normalean, ikuspegi berriak eskaintzen dizkiguten fikzio lanei buruz hitz egiten dugu: rol estereotipatuak hausten dituztenak, pertsonaia edo diskurtso berritzaileak eskaintzen dizkigutenak. Emakume ahots indartsuak erakusten dizkigutenak.

 

Kasu honetan, aldiz, pelikula hau ekarri dut mintzagai maiz fikzio lanetan aurkitzen dugun begirada bat maisuki erakusten duelako: begirada maskulinoaz ari naiz. Hain zuzen ere, gaurkoan ekartzen dudana, fikzioak emakume rolekin egin dezakeen gauzik okerrenaren adibide argi bat da. Beraz, ikustea gomendatzen ez dudan film bat, zuen bizitzako 3 ordu ebatsiko dizuen film bat, ezer gutxi eskaintzekorik duena (akaso, gauz on bakarrenetako bat Ana de Armasen paper ezin hobea da, pertsonaiari dignitate apur bakarra eskaintzen diona). Ikustekotan, ikuspegi kritiko batetik ikusi beharrekoa, dudarik gabe.

 

 

 

Zer da begirada maskulinoa?

Hala ere, film honek fikzioak bizi izan duen eta oraindik ere bizi duen gaitzik handienetako batetaz hitz egiteko aitzakia ederra eman dit. Aipatu dugun begirada maskulinoa.

 

Baina zertaz ari gara begirada maskulinoaz ari garenean?

Gizonezkoen begiradak gizon/emakume dikotomia bat ezartzen du, non lehena den begiratzen duena, gizonezkoa; eta bigarrena, begiratua dena: emakumea. 

 

Hala, historikoki emakumeei istorioetan ezarri zaien rol pasiboa ere islatzen da begirada horretan. Emakumea kontenplazio-objektu bihurtzen da, eta fetixea edo irudi hutsa da, normalean sexualizatua. Ikus-entzunezko narratibaren elementu pasiboa da; gizonezkoa, aldiz, pertsonaia aktiboa da, erabakiak hartzen ditu eta pertsonaiaren garapenean arku askoz zabalagoa dauka.

 

Argi dago, halaber, arauen desira heterosexualak zeharkatzen duela gizonezkoen begirada fizkioan, beste edozein erakarpen-motaren gainetik lehenesten baitu.

 

Gizonezkoen begiradaz ez dugu ulertu behar “gizonen begirada bakarrik”. Izan ere, formatu hori genero-desberdintasuneko testuinguru batean sortu eta hazi da (baita zinemaren munduan ere).

 

Zinema zuzendaritzaren arloa arlo maskulinizatu bat da, non gizonezkoen ikuspuntu zehatza islatu izan den zinema egiteko munduan. Ikuspegi hori da mantendu dena, fosilizatu dena denboraren poderioz, kontatzeko modu zehatz bat nagusitu eta gainontzekoak baztertu edo ikusezin bilakatu dituena. Begirada hegemonikoa izan da, eta oraindik ere bada.

 

 

 

Nola gauzatzen da begirada hori pantailan?

Zinean plano bakoitza erabaki bat da, plano bakoitza begirada horren erakusle bat da. Ez dago ezer nolanahiko moduan jarrita, denak badauka bere zergatia, bere pisua eta bere erranahia.

 

Begirada maskulinoak, esan dugun bezala, ez du emakumezkoa modu subjektibo batean ikusten. Eta hori argi agertzen da planoen eta argiztapenaren inguruko erabakietan, adibidez: emakume gorputzaren atal sexualizatuak soilik agertzen direnean, izan bularra, edo izterrak, edo ahoa. Plano motzak, aldi berean emakumearen osotasun hori apurtzen dutenak, gorputza desira-objektu bilakatzen dutenak.

 

Argiztapenean ere nabarmendu daiteke begirada maskulinoa: emakumearen edertasuna nabarmendu nahi denean iluminatzen dira gehiago, gizonezko pertsonaietan akzio eszenetan nabarmentzen diren bitartean.

 

Edo kamera mugimenduan ere: zenbatetan kamerak emakumearen gorputz sexualizatua errepasatu duen, behetik gora, eskaner bat balitz bezala? Konturatu gabe, ohituta gaude begiratzeko modu horretara, barneratuta daukagu. Gure begirada horretarako entrenatu dugu: emakumeak, begiratuak izateko; gizonezkoak, euren begiradarekin emakume bat eskaneatzeko eskubidea edukiko balute bezala.

 

Eta guzti horren gainetik (edo guzti horren ondorioz), begirada maskulinoak fikzioan duen eragin latzena emakume rolak inolako sakontasun subjektiborik gabeko pertsonaietan bilakatzen dituela da. Matiz edo xehetasunik gabeko pertsonaiak, konplexutasunik gabeko pertsonaiak.

 

Begirada heztearen garrantzia

 

Guzti hau argi ikusten da Blonde filmean, non Norma Jean edo Marilyn Monroeren pertsonaia biktima huts bat bezala agertzen zaigun, kasik erabakirik gabeko pertsonaia bat, soilik sufritzeko sortu den pertsonaia bat. Non daude bere desirak, bere nahiak, bere erabakiak? Non bere bestelako aldeak? Jakina da, adibidez, Marilyn Monroek alor literario eta intelektualeko lagun asko zituela, irakurle amorratua zela. Non dago, adibdiez, alde hori?

Kontutan hartu behar dugu begirada erabaki bat dela. Begirada, kulturalki, sozialki eta politikoki zeharkatuta dagoen jarrera bat dela. Gure esku dagoela begirada hori lantzea, heztea, aldatzea. Eta, noski, begirada hegemonikoa kritikatzeko gai izatea, eta beste begiratzeko modu batzuk proposatzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!