Memoria gune izanen da Ezkabako gotorlekua

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko urr. 6a, 11:10

Oroimen Demokratikoaren Legea onartu du Espainiako Senatuak. EH Bilduk eta Espainiako Gobernuak adostu zuten frankismoko gotorlekuaren inguruko puntua.

Datozen egunetan, Espainiako Boletin ofizialean argitaratzen dutenean, sartuko da indarrean Espainiako Memoria Demokratikoaren Legea. Atzo onartu zuen Espainiako Senatuak, aldeko 128 botorekin. UPN, PP, Ciudadanos eta Vox alderdien aurkako 13 bozka izan ditu, eta hemezortzi senatari abstenitu egin dira. 

Aldaketarik ez diote egin testuari Senatuan. Eskuinak, UPNk tarteko, osoko zuzenketa aurkeztu zioten legeari; baina horiek gaindituta, gainerako taldeek egindako zuzenketarik ez da aurrea atera. Esaterako, Koldo Martinez Nafarroako senatariak egindakoak. 158 zuzenketa aurkeztu zituen, legearen denbora esparrua handitzeko edota Ezkaba memoria guneak Espainiako aurrekontuetan isla izateko, esaterako.

Gotorlekua Espainiako eta Nafarroako gobernuen arteko hitzarmen baten bidez kudeatuko dute, legea indarrean sartzean. Urtebeteko epea izanen dute memoria leku izendatzeko. Ordutik aurrera "memoria demokratikoa berreskuratu, babestu eta zabaltzeko jarduerak" egin ahal izanen direla adierazi du EH Bilduk. Espainiako Kongresuko talde sobernistak eta Espainako Gobernuak adostu zuten izendapena, ekainean.

Nafarroako Gobernuak Gotorlekuko lurrak erabili ahal izanen ditu Memoriaren Leku bihurtzeko, Nafarroako araudian jasotzen diren baldintzetan, eta hainbat memoria-elkartek eskatzen duten bezala. Jabegoa, ordea, Espainiarena izanen da. Koldo Pla historialari eta Txinparta elkarteko kidearen iritziz, legeak ez ditu gotorlekuaren "arazo praktikoak" konpontzen; hain zuzen, jabegoan ez duelako aldaketarik eragingo.

Egun Ezkabako gotorlekua abandonaturik dago, hutsik eta inolako erabilerarik gabe. Defentsa Ministerioari lotua eta Eskualdeko Ingurumen Parke baten barruan kokatua, Gerra Zibilean erregimen frankistak kartzela gisa erabili zuen milaka preso politiko giltzapetzeko. 1938ko maiatzaren 22an, San Kristobalen ihesaldi masibo ezaguna gertatu zen, eta 207 iheslari hil zituzten.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!