Patxi Salaberri: "Minondotarrek haien negozioetarako harreman hizkuntza bezala erabiltzen zuten euskara"

Euskalerria Irratia 2022ko eka. 16a, 19:50

Goizuetako Paskoltzenea baserriko sabaian gordetako kutxa batean ezkutaturik zeuden orain arte Euskaltzaindiak argitaratu zituen Jose Ramon Minondo Goizuetarraren gutunak. Duela 200 urte Oiartzungo Olaberria burdinolako arduraduna zen eta Goizuetako Artikutzako Gotzarin burdinolan bizi zen Bautista Minondo olajaunari bidali zizkion, kontuak emateko. XVIII. mende amaieran eta XIX, mende hasieran merkataritza arloan euskara erabiltzen zela erakusten dute gutunek. Honetaz mintzatu gara Patxi Salaberri euskaltzaina eta liburu hauetako egileetako bat. 

Bi liburu argitaratu zituen joan den urteko amaieran Euskaltzaindiak, Iker bilduman: Jose Ramon Minondo Goizuetarraren Gutunak. Olaberria (Oiartzun). 1790-1807. Edizioa  eta Jose Ramon Minondo Goizuetarraren Gutunak. Olaberria (Oiartzun). 1790-1807. Hizkuntza Azterketa. Patxi Salaberrik, Juan Jose Zubirik eta Iker Salaberrik paratu zuten argitalpen bikoitza.

318 gutun dira, laburrak eta luzeak, zenbaitek euskara nagusi dute eta bazterreko da beste batzuetan. Minondotarren berri ematen du lehenengoak eta gutunen helburua zein zen esaten da. Bigarren liburuan, berriz, hizkuntza gaiak azaltzen dira, luze eta zabal: izen morfologia, aditz morfologia, joskera, sintaxia, onomastika eta hiztegia. Oro har, euskara kontuak Goizuetako egungo hizkerarekin alderatu dituzte. 

Aurkikuntzen inguruan argitalpen berriak egingo direla agindu dute ikerlariek. Burdinoletatik Goitzarira igorritako gutunak asko dira, eta argitara ekarri nahi dituzte. Momentuz Olaberriatik igorritakoak daude eskuragai, eta aurki bertan biltzen diren hitzak Euskaltzaindiaren hiztegian eta Orotariko Euskal Hiztegian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!