Malintxe, traidorea edo bizirautera kondenatutako emakume indigena?

Euskalerria Irratia 2022ko mai. 31a, 17:50

Hernan Cortesen eta beste zenbait konkistatzaileren bikotekidea eta itzultzailea izan zen emakume indigena ekarri digu gaur Bakarne Atxukarrok Gizalaben txokora. 

Gogoan al duzu nola, joan den astean, Mexikora joan ginen marrazo zuria ezagutzera
Gador Muntanerren eskutik?
Bada, gaur, Mexikora bueltatuko gara, baina gure gizalaba ezagutzera: Malintxe.
Haren historia bitxia da. Batez ere haren irudia eta haren izena nola heldu zaizkigun.
Luzaroan traidoretzat hartua izan da espainolekin harremanetan izateagatik; izan ere, Hernan Cortesen amorantea izan zen eta. Baina, gaur egun, aurreiritzi hori aldatzen ari da, eta bizirik jarraitzeko moldatu zen indigena mexikar bat besterik ez zela onartzen ari da.
1500 urte inguruan jaio zen orain den Veracruz hiriaren ondoan. Aita agintari boteretsua zuen, goi mailako familia bateko emakume batekin ezkondu zena. Baina gazterik hil zen, eta ama berriro ezkondu zen beste gizon batekin, eta familia berria sortu zuen. Horren ondorioz, Malintxe deseroso zen alabaordea bihurtu zen. Hori dela eta, amaren senarrak
familia merkatari bati saldu zion. Baina, handik oso gutxira, bere bizitoki berrian gerra lehertu zen, eta hura bukatzean jabeak kazike maia bati oparitu zion.


Hori guztia Malintxe oso gaztea zelarik gertatu zenez, arazorik ez zuen izan etxeko hizkuntzaz hitz egiteaz gain, etxetik kanpo ikasi zuen yukatekoz ondo moldatzeko.
Agian, horregatik, Hernan Cortes Mexikora iritsi zenean eta tabaskotarren kontrako gerra irabazi ondoren, espainolak Malintxe hartu zuen oparitzat, beste 19 emakumerekin batera, urrezko pieza batzuekin eta manta-joko batekin.
Emakume talde hura, kapitain espainiarren artean banatu aurretik, Cortes tematu zen bataiatu egin behar zela. Horren eraginez, Malintxek «Marina» hartu zuen izena, eta geroztik indigenen artean Doña Marina ezaguna izan zen.
Hasieran, konkistatzailea ez zen neskarekin geratu, haren konfiantzako espedizioko kapitain ospetsuenetako bati eman baitzion. Baina Malintxeri gutxi iraun zion jabeak, gizona handik gutxira Espainiara itzuli baitzen Cortesen mandatari gisa, Karlos V.aren ondora.
Eta orduan bai, Cortes Malintxerekin geratu zen, batez ere maia hizkuntzaren eta náhuatlaren arteko interprete gisa zuen balioagatik. Horrelaxe konkistatzaileak hiruki bat osatu zuen Mexikoko indigenekin komunikazioa mantentzeko. Bere ondoan ordurako bazeukan maia-gaztelaniera itzulpena egiteko gai zen interprete bat.
Malintxerekin lortzen zuen falta zitzaion kate-maila.
Eta probestu zuen Cortesek, bai. Hiru hizkuntza eta bi interprete erabiliz, espainiarren eta mexikarren arteko harremana sortzea gauzatu zuen. Konkistatzailearentzat oso garrantzitsua izan zen interprete fidagarri bat izatea. Interpreterik eta "hizkuntzarik" gabe Cortesek ezin izango baitzuen garatu Mexikoko konkista eta hainbat talderekin hitzartutako aliantza politika arrakastatsua.

Malintxek, gero, gaztelania ikasi zuen. Era horretan interpretea izateaz gain, espainiarrei aholkatzen hasi zitzaien bertakoen ohitura sozial eta militarrean ondo moldatzeko eta egokitzeko. Horrez gain, inteligentzia eta diplomazia lanak egiten zituen. Beraz, itzultzaile rola baino askoz harago joan zen, eta hortik datorkio lehen aipatu dugun traidore fama hori.
Jakin badakigu, adibidez, bera izan zela Espainiako indarren aurka prestatzen ari ziren enboskada baten berri eman ziona Cortesi. Abisu horrek mexikarrek gerra irabazteko aukera guztiak lurrera bota zituen.
Horrez gain, autore askok ziurtatzen dute Malintxeren laguntza paregabea izan zela Cortes Mexikoko jaun eta jabe bihur zedin.
Ez da harritzekoa. Kontuan hartu behar da Cortesekiko harreman estua zuela Malintxek. Izan ere seme bat izan zuen berarekin, eta Cortesek Mexikoko hiriburutik oso gertu etxe bat eraiki zion.
Baina inoiz ez ziren ezkondu. Geroago, Malintxe Juan de Jaramillorekin ezkondu zen, eta, dirudienez, beste alaba bat izan zuen.
Halere, Cortesekin harremanetan jarraitu zuen ezkondu ondoren (ez dakigu zer moduko harremanetan), horregatik Cortesek berarekin eraman zuen 1524an Hondurasen izandako iraultza baretzeko. Berriz ere bera izan zen interpretea.

Historialari batzuek 1529 inguruan hil zela uste dute, 30 urte inguru zituela, garai hartan izan zen baztanga-izurrite baten ondorioz gaixorik. Beste batzuek, berriz, Espainian aurkitu dituzten gutunen bidez ondorioztatu dute bere heriotzaren data 1551koa izan daitekeela.
Beraz, ez dakigu ziur noiz arte iraun zuen bizirik. Baina oso ondo dakigu haren izenak gaur egun arte bizi-bizirik iraun duela. Esaterako, “Malinchismo” hitza erabiltzen da Mexiko modernoan bertako kulturaren eraginik ez duen bizimodua nahiago duten pertsonak gutxiespenez aipatzeko.
Historialari batzuek Malintxek bere herria azteketatik salbatu zuela interpretatzen dute. Garai hartan Mexikoko lurralde osoan nagusiziren aztekak, eta bertako biztanleeizergak eskatzen zizkieten etengabean.
Era berean, kristautasuna Europatik «mundu berrira» ekartzen lagundu zuenatzat hartzen dute.
Eta, azkenik, Cortes baretu zuela uste dute, harengan izan zuen eraginagatik, gizona ez
baitzen bere senak agintzen zion bezain basatia.
Baina Malintxeren kontrako ikuspuntuak ere egon badaude. Batzuen esanetan neskaren joerak azteken konkista erraztu zuen; beraz, herri indigenak espainiarren alde jartzea lortu zuenean, traizioa egin zuen.
Hola edo hala, Malintxeren irudiak Latinoamerikako kulturan, historian eta gizartean presentzia handia daukala esan beharra dago. Batzuetan, “La Llorona” jainkosarekin erlazionatzen da; beste batzuetan, Mexikoko “soldadariekin” (horiek ziren Mexikoko iraultzan gizonekin batera borrokatu ziren emakumeak).
Laburbilduz, esango dugu Malintxeren ondarea kontraesanez jositako mitoa dela. Alde batetik, Mexikoko nazioaren sortzailetzat hartua dago; beste aldetik, ordea, traidoretzat.

60. hamarkadan, berriz, feministak hasi ziren Malintxeren figurari begira. Ez zuten traidore gisa deskribatu, baizik eta biktima gisa, bi kulturen artean harrapatutako emakume bat, erabaki konplexuak egitera behartua izan zen gazte bat, eta, azken batean, arraza berri baten ama izan zena.
Hori guztia izan zen Malintxe.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!