“Matrioskak, gerrako neskatilak” Helena Bengoetxearen lehen filma azaroan estreinatu zuen Bilboko Zinebi jaialdian eta Malagatik pasa ondoren, orain ikusgai izanen da Donostian.
Film honetan gerra zibilaren garaian atzerrira bidalitako haurren erbestesteaz mintzo da zuzendaria. 35.000 haur inguru atera omen ziren. Horietatik 3.000 Sobietar Batasunera eraman zituzten eta gero haietako batzuk, 200 bat, Kubara joan ziren bizitzera.
Sobietar Batasunera joandako lau neskatoren istorioa berreskuratu du film honek. Teresa, Araceli, Alicia eta Julia itsasontzi batean eraman zituzten urrunera, familia eta sorterria atzean utzita. Bizi baldintzak ez ziren kasu gehienetan goxoak izan. Hotza, gosea, bortizkeria eta berriro gerra. Lau emakume hauetarik bi, adibidez, Leningradoko setioan izan ziren, Helena Bengoetxeak azaldu digun bezala. Hala ere bizitza baikortasunez begiratzen ikasi zuten emakume hauek. Espainian geratuz gero etorkizun iluna izanen zuten pobreak eta galtzaileak izanda, baina atzerrian, behintzak bide berri bat egiteko aukera izan zuten.
Duela sei urte hasi zen Helena Bengoetxea lan hau prestatzen eta tartean pandemia izanda zailtasun ugari izan dute proiektua aurrera eramateko. Denbora tarte honetan Alicia eta Araceli zendu dira, baina Teresak eta Juliak eta haien senideek, behintzat, orain arte izan ez duten aitortza jasoko dute.