Lucia Etxeberria: "Askapenako brigaden helburua harreman militanteak sustatzea da"

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 10a, 18:17

Askapenaren 35. urteurrenean itzuli dira brigadak bi urteko etenaldiaren ostean. Latinoamerika, Europa eta agian Palestina izanen dira aurtego jomugak. Apirilaren 19ra arte brigadetan izena emateko epea zabaldik dago, brigadak@askapena.eus posta elektronikoaren bidez. Lucia Etxeberria Askapeneko kideak informazio guztia eman digu irrintzi Plaza saioan. 

"35 udagorri Euskal Herria internazionalista eraikitzen, 35 urte udagorritzen!" lelopean jarri du martxan Askapenak bere 35. urteurrenaren ospakizuna.

Aurten, eta azken bi urtetako geldialdia eta gero, berriz brigadak izanen dira Europa, Latinoamerika eta Ekialdeko hainbat herrialde bisitatzeko. Askapenak 35 urte beteko ditu aurten eta, osasun egoerak nahiz ezarritako neurriek baldintzatutako bi urte hauen ostean, berriro ere martxan jarriko dituzte brigadak. "Internazionalismoak herrion askapen nazional eta sozialean daukan garrantzia jarri nahi dugu mahai gainean. Gure hastapenetik, brigadak izan dira horretarako tresnarik garrantzitsuenetako bat; izan ere, gainontzeko herri langileen borrokak ezagutu eta geureak irakaspen horietaz elikatu dituzte ehunka euskal brigadistek, eta, noski, era berean, gure herriko esperientziak gainontzeko herrietara zabaldu izan ditugu. Horregatik daramatzagu 35 udagorri Euskal Herriari ekarpen internazionalista egiten", dio Askapenak.

Elkartasunak politikoa izan behar duela dio Askapenak, eta bi norabideetakoa: joan-etorrikoa alegia. "Hori da internazionalismoa; brigadek horri erantzun behar diote. Horregatik, Askapenaren brigadetan ez goaz turismo politikoa egitera, ezta laguntzera edo irakaspen iraultzailerik ematera. Urte luzeetako esperientziak ederki erakutsi digu praktika horiek ez dutela zentzurik, eta jarrera paternalistak bultzatu zein besteen borrokak eskaparate huts izatera daramatzatela; horrek ez dakar herriokiko onurarik. Guk munduko herri langile guztion askatasuna dugu helburu, geurearen askatasuna izanik lehen urratsa, hori baita gainontzeko herriei egin diezaiekegun ekarpenik eraginkorrena". Esandako guztiagatik, eta aurkakoa pentsatu baliteke ere, brigadistaren lana Euskal Herrira itzultzean hasten dela azpimarratu nahi izan dute Askapenakoek. "Tokian-tokian antolatuta irakaspenak lau haizetara zabaltzeaz arduratu behar" direla brigadistak, dio Askapenak. "Brigadak ez dira esperientzia pertsonal bat, baizik eta ondo antolatutako talde baten bidez errealitatearen beste ikuspegi batez jabetu eta Euskal Herriak behar dituen irakaspenak lortzea eta, itzultzean, esperientzia horiek dagokien unean eta lekuan aplikatzen laguntzea". Apirilaren 19ra arte brigadetan izena emateko epea zabaldik dago, brigadak@askapena.eus posta elektronikoaren bidez.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!