Ramon Agirre: "Jendeak ez daki, baina gu izan ginen ilargira iristen lehenak"

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 7a, 18:15

Xentimorik gabe konpainiaren  “Gu primer!” izeneko lanak zabalduko du asteazken honetan IrriZikloaren aurtengo edizioa. Nafarroako Antzerki Eskolan izanen dira antzezlanak martxoaren 9tik apirilaren 6ra bitarte. 

Xentimorik Gabe taldeak irekiko du zikloa martxoaren 9an, “Gu primer!” antzezlanarekin. Antzezlanak artistak eta musikariak diren bikote baten istorioa kontatzen du. Inazio eta Ramon “Parisen” bizi dira, Artistaren Etxean. Bertan lanean hasi berri den Nereak,“programa” berezi bat prestatu du gure bi lagunentzat: kontzertu sorta eskainiko dute eta bere errepertorio eta bizipenak kantu-kontatuko dituzte. Gaurkoan sekretu handi baten berri emanen dute: ez amerikarrak, ez errusiarrak, bi euskaldun izan ziren ilargira iristen lehenak.

Astebete geroago, martxoaren 16an, asteazkenarekin, Xabier Artiedak “Everybody Needs Heroes!” lana aurkeztuko du Nafarroako Antzerki Eskolako agertokian. Adierazpen fisikotik abiatuta, aktoreak heroiak hartuko ditu abiapuntu gisa, beren bizipenak kontatuz, haiek duten erantzukizun handiarekin jolastuz eta haien irudia umorez berrerabiliz. Komedia dibertigarria, ikusleak begiak irekita eta adi mantenduko dituena.

Umorea robotikari, familiari eta politikari buruz

Martxoaren 23an Nomofobikak taldearen txanda izanen da, “Hackerrak” lanarekin, robotika, adimen artifiziala, datuen lapurreta masiboa, cookieak edo algoritmoak jorratzen dituen proposamena. Lan falta dela eta, hiru aktoreek robotika aztertzeko inteligentzia artifizialeko proba batzuetan parte hartzea onartzen dute. Probak egin ahala, betebeharra alde batera utziko dute eta ozen adieraziko dituzte haien sentimenduak, eta hitz eginen dute hacker-komando bat sortzeko beharrari buruz eta interneteko kable oso lodia mozteari buruz.

“Eta kiTTorik ez!” da Les Bobé-boBé taldeak martxoaren 30ean taularatuko duen lanaren izenburua. Protagonistak hiru ahizpa dira, baina haietako bat hilda dago. Beste biak bikiak dira, bata txepela da eta bestea ere... batzuetan. Eta sekretu bat dago, izan ere, harreman guztiek dute alde ezkutu bat. Magia eta misterioa nahasten dituen koktel bat da, adierazpenaren bidezko mezu garrantzitsu batekin, hitzek baino pisu handiagoa duena. Umore absurdo eta dibertigarri dosi handiak.

Apirilaren 6an “Lehendakari gaia” antzezlana taularatuko da, Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxagaren eskutik. Lehendakari izendatu berria bere inbestidura-hitzaldia prestatzen ari da, baina azken orduan arazo larri bat sortuko zaio. Izan ere, ekitaldiak eta diskurtsoa eman beharrak tik arraro, barregarri eta jasanezin bat eragin diote aurpegian, kendu ezina. Arazoa bideratzeko psikiatra bat agertuko da eta ondorioz, bien artean elkarrizketa dibertigarri eta nahasgarri bat sortuko da.

 

Saio guztiak 19:00etan izanen dira Nafarroako Antzerki Eskolan. 

Sarrerak 5 euroan eta ziklo osorako abonamenduak 20 euroan salgai.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!