Iñaki Sanz: "Eskolako urmaelak laborategi naturalak dira"

Euskalerria Irratia 2022ko mar. 1a, 19:51

Apirilaren 30ean eta maiatzaren 7an eginen da Iruñean "Urmaelak eskolan: sortzeko pausuak eta erabilera didaktikoak" ikastaroa UEUk antolatuta. Irakasle lanetan arituko den Iñaki Sanzek eman digu informazioa Irrintzi Plaza saioan. 

  • Iñaki Sanz Azkue

    Biologian Lizentziatua eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea. Aranzadi Zientzia Elkarteko eta UEUko kidea. Egun ingurumen hezkuntzako aholkulari moduan egiten du lan Eusko Jaularitzako Ingurumen eta Hezkuntza Sailaren barruan, Ingurugelan. Eskoletako Urmaelen Sareko sortzaileetako bat ere bada.

“Eskolako urmael batek eskala txikiko ekosistema bat eskaintzen du”

 

Euskal Herriko 24 eskola inguru daude dagoeneko Eskoletako Urmael Sarearen barruan, hauen artean EHUko hiru campusetako Hezkuntza Fakultateak. Gero eta gehiago dira urmaelen erabilera didaktikoaren alde egiten duten ikastetxeak. Horren harira, “Urmaelak eskolan: sortzeko pausuak eta erabilera didaktikoak” erakutsiko dizkigute Ane Fernandez Arrietak, Iñaki Sanz-Azkuek eta Dani Zuazagoitia Rey-Baltarrek. Fernandez Ingurumen Zientzietan graduatua da eta Animali Biodibertsitatean masterduna. Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia saileko langilea ere bada, eta Eskoletako Urmaelen Sarearen koordinatzaile eta sortzaileetako bat Sanzekin batera. Biologian Lizentziatua da Sanz eta Bigarren Hezkuntzako irakaslea. Aranzadi Zientzia Elkarteko eta UEUko kidea ere bada eta egun ingurumen hezkuntzako aholkulari moduan egiten du lan Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Hezkuntza Sailaren barruan, Ingurugelan. Zuazagoitia Kimikan doktorea eta EHUko irakaslea da Hezkuntza eta Kirol Fakultatean, Zientzia esperimentalen didaktika sailean. Arabako Campuseko Baratze Ekologikoko arduraduna ere bada eta baita UEUkidea ere.

Ane Fernandez Arrieta

Ekosistema moduan zergatik dira hain garrantzitsuak urmaelak?
Urmaelak garrantzi handiko habitatak dira, anfibio eta uretako ornogabe urtar ezberdinen (odonatuak, koleopteroak eta krustazeoak) etxe edo ugaltzeko leku direlako. Anfibioena mundu mailan mehatxatuen dagoen ornodun taldea dela kontuan hartuta (IUCN-ren arabera, anfibio espezieen %41a arriskuan daude), bistan da, beraz, habitat horiek anfibioak kontserbatzeko duten garrantzia. Hauetako urmael askok izaera tenporala dute (urteko hilabete lehorrenetan lehortzera iritsi daitezke), ondorioz hauskorrak diren eta desagertzeko joera duten habitatak dira. Tamaina txiki hori dela eta, alde batetik, zailagoa da hauen galera detektatzea, eta bestetik, kontserbatzeko orduan oharkabean pasatzen dira hezegune handiekin alderatuta. Habitat hauen garrantzia ez dator duten tamainagatik, baizik eta bata bestetik gertu dauden urmaelek osatzen dituzten sareengatik. Sare hauek, anfibio espezie ugariren banaketa-eremua zabaltzen edo berreskuratzen lagundu dezakete. Urmaelen garrantzia, ordea, ez da talde horietara bakarrik mugatzen. Hala, urmaelak ezinbesteko bizileku dira florari eta faunari loturiko hainbat espezierentzat. Izan ere, horietako asko bertan baino ezin dira bizi.

Iñaki Sanz Azkue

Hala ere, desagertzen joan dira edo desagerrarazi ditugu. Zein da gaur egungo egoera?
XX. mendetik hezeguneen %60a desagertu da giza eraginaren ondorioz. Beraz, litekeena da ehunekoa handiagoa izatea urmael edo mikro-hezeguneen kasuan. Urmael naturalak desagertu izanaren arrazoi nagusienak hiru dira: eremu urbanizatuen zabalkundea, nekazaritza intentsiboa eta labore-eremuen hedatzea, eta espezie aloktonoen landaketatik egurra ateratzea. Urmaelak naturalki sortzen diren eremu horiek eremu lauak izaten dira, eta bat egiten dute urbanizatzeko edo labore-lur bezala erabiltzeko egokiak diren eremuekin. Bestalde, landaketa aloktonoetan egiten diren matarrasek, egon daitezkeen urmaelen narriadura edo higaduraren ondorioz hauek lohiz betetzea eragin dezakete. Gaur egungo datuak eta mehatxuak kontuan hartuta, gizakiak sortu duen kaltea konpontzen edo minimizatzen saiatzeko, anfibioentzat hain beharrezkoa den habitat hau kontserbatzeko, urmael artifizialak sortzen ari gara Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia sailean, urmael naturalak bezala funtzionatzen dutenak.

Aipatu bezala azken urteetan Aranzadi Zientzia Elkarteak hainbat eskoletan hezeguneak sortu edo egokitzeko lanak egin ditu. Hogeitik gora dira dagoeneko. Didaktikoki zer da eskaintzen dutena urmaelek? Zergatik sortu urmaela eskolan?

Dani Zuazagoitia Rey-Baltar Argazkia: Nuria González

Aire zabaleko espazioak irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak aurrera eramateko testuinguru apartak izan daitezke. Proiektua errotzea lortzen bada, ikasleak leku fisiko batetiko lotura sortzen du, bere egiten du. Honek emozioekin lotura handia dauka, eta hauek aldi berean ikaskuntza prozesuekin eta orokorrean garapen kognitiboarekin. Urmaelak helburu askorekin erabili daitezke ezagutza arlo ezberdinetatik: psikomotrizitatea, hizkuntza eta literatura, atzerriko hizkuntza, artea, filosofia…

Gure proposamen zera da, urmaelak konpetentzia zientifikoa garatzeko testuinguru bezala ulertzea. Eskolako urmael batek eskala txikiko ekosistema bat eskaintzen du. Ekosistema bat sistema bat da, eta sistema guztiek bezala oreka egoera batera jo dezake; kausa efektu prozesuak eman daitezke; materia eta energiaren sarrera irteerak izango ditu; eta kasu honetan, materia bizia edo bizigabea topa dezakegu. Interakzio guzti horiek ulertzea da gure helburua; modu horretan, ikasle horiek etorkizunean beste ekosistema baten inguruko arazoak ulertu eta bere gaineko erabakiak hartzeko gai izango dira. Hortaz, urmaela aitzakia moduan hartuta, bertan proiektuak edota ikerketa sekuentzia didaktikoak jorratu ditzakegu, zientziaren alderdi kontzeptual asko landuz (meteorologia, izaki bizidunen adaptazioa, geologia…), baina baita ere zientziaren izaerarekin eta sorkuntzarekin erlazionatutako hainbat praktika ere (ikerketa, modelizazioa, arrazoiketa…). Jarrerak ere landu daitezke; naturarekiko errespetua eta, orokorrean, jasangarritasunerako konpetentzia jorratuz.

Zer behar da urmaela sortzeko? Zer izan behar da kontuan?
Lehenik eta behin, eskola inguruan edo gertu eremu berde eta lau bat izatea beharrezkoa da, ez duena zertan oso handia izan behar. Urmaelaren zuloa egiteko hondeamakina erabiltzen da. Ondoren, iragazgaitza izan dadin eta ura bertan jasota gera dadin, hainbat geruza jartzen dira. Lehenik, geotextilezko geruza bat jarri behar da, lurrarekin batera dauden harriek gainean doan geruza iragazgaitza zulatu ez dezaten; horren gainean, butilozko geruza bat jarri behar da urmaela iragazgaitzeko; eta azken honen gainean, geotextilezko beste geruza bat jartzen da gainera botako den lurra irristatu ez dadin. Hiru geruza horiek jarri ondoren, lur geruza mehe bat botatzen da, urmaelak itxura naturalagoa hartu dezan eta landareak azkarrago hazi daitezen. Normalean, hesia jartzea gomendatzen dugu, inork putzuan ezer sar ez dezan eta zakurrak edo antzekoak sar ez daitezen. Ekintza guzti hauek ikastetxeetako ikasle, guraso eta irakasleekin batera egiten dira auzolanean.

Bestalde, garrantzitsua da azpimarratzea urmaela bakarrik betetzen dela euri-urarekin, eta bertako biztanleak (anfibioak, odonatuak etab.) beren kabuz iristen direla.

Gainera, kontuan hartu behar da urmael hauek mantentze-lanak behar dituztela. Noizean behin inguruko landaretza moztu edo sasiz garbitu behar da; eta, era berean, uretako landare gehiegi dagoenean, hauek atera egin behar dira urmaela lohiz betetzea eta eutrofizazioa saihesteko. Beste auzolan bat egiteko edota ikasleekin prozesu biologikoen inguruko gai ezberdinak lantzeko aukera paregabea ere izan daiteke hori.

Zer da zehatz-mehatz ikastaroan landuko duzuena?
Ikastaroak bi atal nagusi izango ditu, bi egunetan banatuko direnak. Ikastaroan zehar ikasle izango diren irakasleak arazo egoera erreal baten testuinguruan jarriko ditugu. Lehen egunean eskatuko dieguna da aukera dezatela ikastetxe bat, eta egingo duguna da ikastetxe horren inguruan urmaela egiteko lurrik dagoen begiratu eta balego, hori gauzatzeko pausuak eman. Horretarako, urmaelen garrantziari buruz hitz egingo da, bai eta horiek sortzeko eman beharreko pausuei buruz ere eta eskola komunitatearen parte-hartzea bultzatuko duten ekintzak nola gauzatuko diren erakutsiko da.

Bigarren egunean, behin urmaela non egin aukeratuta eta diseinua eginda, urmael horretarako jarduera baten bizkarrezurra diseinatzeko eskatuko zaie ikastaroko ikasleei. Horretarako, alabaina, aukera ezberdinak erakutsiko zaizkie eta eman beharreko pausuak zeintzuk diren erakutsi; bai eta formazioa eman ere, urmaelek didaktiko izan dezaketen potentzialtasuna erakusteko. Bigarren saio hori Amaiurko eskolan egingo denez, bertan sorturiko urmaela ezagutuko dugu eta beraien esperientziaren berri izango dugu Amaiurko zuzendaria den Nora Salbotxek lagunduta.

(UEUk argitara emandako elkarrizketa)

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!