Joan Didion eta bell hooks, bi intelektual handi

Euskalerria Irratia 2022ko ots. 2a, 19:51

Kronista lehena eta feminismo intersekzionalaren iraultzaile izan zen bigarrena. Biak estatubatuarrak eta iaz zenduak. Haiek eginiko ekarpenez mintzatu gar Miren Mindegia kazetariarekin. 

Bi emakume handi, bi emakume erraldoi ekarri ditut gaurko saiora: Joan Didion eta bell hooks. Biak ala biak estatubatuarrak, biak ala biak sona handiko intelektualak. Tamalez, joan zen abenduan hil ziren. Balio dezala gaurkoak, beraz, omenaldi xume eta beharrezkotzat, izan ere, ezin ditugu ahots hauek ahanzturaren zulora bota.

 

Garai bertsukoak izan arren, aldi berean, erran beharra dago bi mundu oso desberdinen ordezkari direla: bell hooks feminismo intersekzionalaren iraultzaile izan zen, eta Joan Didion garai baten kronista bezala nabarmendu zen.

 

Baina ezagutu ditzagun hobeki…

 

bell hooks edo Gloria Jean Watkins (horixe zuen jatorrizko izena), militante feminista, idazlea, irakaslea eta ekintzaile soziala izan zen. 40 liburu baino gehiago argitaratu zituen bere bizitza osoan zehar eta 15 hizkuntza baino gehiagotara itzuliak izan dira lan hauek, tartean, eta zorionez, baita euskarara ere. Erraten denez, hooksek Estatu Batuetako zein nazioarteko feminismoaren historian eragin zuzena izan zuen.

 

  • bell hooksetaz nabarmendu beharra dugun lehenengo gauza, akaso, bere sinatzeko modua da. Bere amatxirengandik hartu zuen izen artistikoa eta beti letra txikiz sinatu zituen bere lan guztiak. Izan ere, bere lana, bere ideiak nabarmendu nahi zituen bere izenaren gainetik. Horrek jada ematen digu emakume honen nortasunaren zantzu bat.

 

 

BIOGRAFIA:

Kentuckyko hiri txiki segregatu batean sortu zen bell hooks, langile klaseko familia batean. Ama, etxekoandrea zen, eta aita, atezaina. Bost ahizpa eta anaia bat izan zituen. Irakurzalea izan zen, eta arrazaren arabera segregatutako eskola publikoetan ikasi zuen. Guzti hau nabarmentzea garrantzitsua da, klasea, arraza eta generoa izango baitziren, ondoren, bere lan guztiaren zutabe nagusiak.

 

ETA ZEINTZUK ZIREN IDEIA HORIEK?

Ekintzaile honek defendatu zuen feminismoa hiru zutabe nagusitan oinarritzen zen: generoa, arraza eta klasea. Gaur egun feminismo intersekzionala bezala ulertzen dugun horren aurrekaria izan zen, beraz.

Berak zioen bezala, elkarrengandik banandu ezin diren eta modu isolatuan ulertu ezin diren hiru kontzeptu dira generoa, arraza eta klasea.

Estatu Batuetako jendartearen erralitatea halaxe deskribatzen zuen berak: “Emakume estatubatuarrak, ezbairik gabe, arrazistak, klasistak eta sexistak izateko gizarteratuak izaten dira, gradu desberdinetan. Gure buruari feminista deitzeak ez digu diskurtso hori deseraikitzeko ardura kentzen”.

 

INTERSEKZIONALITATEA, beraz, izan zen bell hooksen ekarpenik garrantzitsuenetako bat. Baina ba al dakigu zer den?

Itziar Gandarias EHU-ko irakasleak tresna analitiko eta politiko  bezala definitzen du intersekzionalitatea: analitikoa, begirada zabaltzen duelako eta emakumeon arteko egoera desberdintasunak azaleratzen dituelako. Baina baita politikoak ere.

  • Banakoa, emakumearen konstruktu hori bere testuinguruan kokatzea, eta banako hori gurutzatzen duten zapalkuntza edo menderakuntza mota desberdinak identifikatzean datza beraz, baina baita norberak eragiten dituen zapalkuntzak zeintzuk diren jakitean ere. Izan ere, gurutzatzen gaituzten menderakuntza horiek elkarreragin bat ere badaukate.

 

Horregatik, eta hala azaltzen du bere lanetan bell hooksek berak, ez da baliagarria suertatuko emakumezkoen kolektibo osoa, izan edozein klase edo arrazatakoa, kontutan hartuko ez duen feminismo bat. Feminismoak iraultzailea izan behar badu, antiarrazista, antikapitalista eta antiklasista izan beharko du nahitaez.

 

BERE LAN ERRANGURATSUENAK:

Erran dugun bezala, bell hooksek lan andana plazaratu zituen bere bizitza osoan zehar. Nire ustez, bere ideietara hurbiltzeko lan hoberenetako bat “Feminism is for everybody” izenekoa da, Katakrak argitaletxeari esker euskaraz irakurri dezakeguna, Mari Luz Estebanek itzulita, “Feminismoa denon kontua da” izenburupean.

Bertan, bell hooksek intersekzionalitatearen eta feminismoaren inguruan hausnartzen du ikuspegi desberdinetatik: politika, gorputzak, arraza eta generoa, maskulinitatea, zaintza…

Goazen orain Joan Didionekin…

JOAN DIDION, KAZETARITZA BIRRASMATU ZUEN KRONISTA

 

2021ak utzi zigun bertze galera garrantzitsu bat, erran dugun bezala, Joan Didion idazle eta kazetariarena izan da. Idazle izugarri argi honen inguruan zerbait nabarmendu behar badugu, bere lanetan erabiltzen duen ahotsa da. Berezko ahotsa, inguratzen duen errealitatea kontatzeko modu zintzo eta garbia, barrenekoa eta pertsonala dena, baina unibertsala izateko ahalmena ere baduena.

 

Fikzio lanak plazaratu bazituen ere, bere ekarpen garrantzitsuenak ez-fikziozko lanen bidez egin zituen. Erran daiteke Ni-aren literaturatik idatzi zituela bere saiakera gehienak.

 

BIOGRAFIA:
Joan Didion 1934ean sortu zen Kalifornian. Bost urte zituela hasi zen idazten, bere amak oparitutako koaderno txiki batean eta ordutik ez zion idazteari utzi.

 

Hala ere, erraten zuenez, ez zen bere burua idaletzat hartzen hasi bere lehenengo lana argitaratu zuten arte.

 

Unibertsitateko ikasketak bukatuta Vogue aldizkari ospetsuan lanean hasi zen eta bertan argitaratu zituen bere lehenengo artikuluak. Aldizkariko eduki gehienak edertasunaren, modaren eta estetikaren arlo friboloaren ingurukoak baziren ere, bere artikuluek beste zantzu bat eman zioten hedabideari: barne munduaren inguruko artikuluak ziren, ahots eta pentsakera oso berezkotik idatzitakoak.

Bere lehenengo artikulua, adibidez, maitasun propioaren ingurukoa izan zen, erraterako. Norberak bere buruarekin duen adostasun edo adostasun falta horren ingurukoak.

 

BERE LAN ERRANGURATSUENAK:

Erran dugun bezala, Joan Didionen ekarpenik garrantzitsuenak saiakeraren eta kronikaren alorrean izan ziren.

 

Kazetari lanari dagokionez, erran beharra dago Joan Didion kazetaritza berria izeneko korrontearen ordezkari nabarmenetako bat izan zen, kazetaritza eta baliabide literarioak uztartzen zituen idazkera. Alde horretatik, oso ezagunak izan ziren adibidez 60ko hamarkadan Estatu Batuak astindu zituen hippy mugimenduaren eta kontrakulturaren inguruan idatzi zituen kronikak, inmigrazioa eta exilioaren ingurukoak edota indarkeria politikoaren inguruan plazaratu zituen hausnarketa kritikoak.

 

Kronika eta saiakera labur hauetako sailkapen zabal bat, Literatura Random House argitaletxeak plazaratutako Los que sueñan el sueño dorado liburuan aurkitu ditzakegu, guztiz gomendagarria iruditzen zaidan lan bat ez-fikzioaren eta kazetaritzaren alorra gustatzen zaion ororentzat.

 

Eta ez fikzioaren inguruan jarraituz, “El año del pensamiento mágico” lana aipatu beharra dago. Bertan, Didionek bere bizitzako urte zailenetako baten errelatoa egiten du, hain zuzen 40 urtez bere senar eta lankide izandako John Gregory Duneren heriotzaren ondorioz idatzitakoa. Lutoaren, heriotzaren eta galeraren inguruko literatura lan hoberenetako bat dela erran daiteke.

 

 

DOKUMENTALA:

Bere ibilbidea, bizimodua eta pentsakera ezagutu nahi duenak, bere lanak irakurtzeaz gain, duela lau urte haren iloba batek zuzendutako dokumentala ikusi dezake Netflixen:

 

Joan Didion, “El centro cederá” dokumentala NETFLIX-en: https://www.youtube.com/watch?v=99NaRJQzXiM

 

Ezin daiteke erran Joan Didion feminista zenik, baina hala ere garrantzitsua iruditzen zait bere ahotsa eraikitzeko duen modua ezagutzea, baita ingurua erretratatzeko erakutsi zuen abilezia nabarmentzea ere.

 

 

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!