Atzo Gaztain Erre eguna ospatu genuen etxean eta familia osoa etorri zitzaigun bazkaltzera eta gaztainak jatera.
Den-dena bukatu ondoren, eta sukaldea behin txukunduta izanda, zein mesede handia egin zigun Josephine Cochranek pentsatu nuen, bera izan baitzen lehendabiziko ontzi-garbigailua egin zuena.
Esan beharra dago 1850ean Joel Houghtonek patentatu zuela etxetresna hura, baina inoiz ez zuen fabrikatu. 30 urte pasa behar izan ziren orain bizitza errezten digun gailu hura ikusteko martxan.
Baina nor zen asmatu zuena?
Josephine Cochrane Ohion jaio zen 1839an. Ama hil zitzaion txikitan eta injenieri hidrauliko zen attarekin bizi izan zen, eskola bukatu arte. Orduan, Illinoisera joan zen ahizparekin bizitzera, eta han ezkondu zen 19 urte zituela, politikan eta negozioetan oso aditua eta aritua zen William Cochranekin.
Cochrane andrea laster bihurtu zen goi mailako andrea eta anfitrioi perfektua. Anitz jende joaten zen haren etxera etengabean, eta horrek lan handia eragiten zuen, besteak beste, zikintzen ziren plater ugariak garbitzea.
Hark ez zuen garbitzen, noski, etxeko langileek baizik, baina lan aspergarri hark bere luxuzko ontziak behin eta berriro haustea zekarrela ikusita irtenbide bat behar zuela pentsatu zuen.
Horregarik, sukaldeko platerak, edalontziak, porzelanazko erretiluak etab. garbitzeko makina bat diseinatzea erabaki zuen.
Orduan, Kobrezko galdara baten barruan gurpil bat jarri zuen, kabledun konpartimentu batzuekin, non platerak, edalontziak eta bestelako tresnak bikain sartzen zituzten. Gurpil hori motor bati esker mugitzen zen, xaboidun ura bide desberdinetatik sartu eta irteten zen bitartean. "Cochrane ontzi-garbigailua" izena esaten diogu asmakizun horri.
Laster, bere tramankuluaren asmakuntza inguruko hainbat hotel eta jatetxeren belarrietara iritsi zen eta Josephine bere asmakizun berria patentatzera eta fabrikatzera behartu zuten. 1893ko Chicagoko Erakusketan modu ofizialean aurkeztu zuen eta han asmakizun onenaren saria irabazi zuen.
Josephine Cochranek Garis-Cochran Konpania sortuko zuen, Whirpool enpresaren jatorria izango zena.
Josephine Cochrane 1913ko abuztuaren 3an hil zen 74 urte zituela.