Nafarroako Ateneoak eta Booktegi plataformak abian jarri dute Nafarroako erregin honen idazlanak euskaratzeko ekimena.
Margarita Nafarroakoak 1559an idatzi zuen Heptamerona. Frantsesez idatzi zuen, eta gaur arte ez da bere osotasunean euskarara itzuli. Guztira 72 ipuin edo istoriok osatzen dute liburua, eta zortzi liburuki edo ‘egunetan’ antolatuta daude. Hainbat ipuinen ikuspuntu aurrerakoiak ere –besteak beste, genero-ikuspegitik– gaur egungo irakurleentzako erakargarri bihurtzen du Nafarroako erreginaren liburua. Datozen urteotan Booktegik –Nafar Ateneoarekin elkarlanean– ipuin guztiak eskainiko ditu euskaraz, liburu klasikoa horrela berreskuratuz, eta gurera ekarriz. Oraingo honetan, Heptameronaren lehenengo eguna –hamar ipuin guztira– argitaratu dute eta hori da Kondestablean eskainiko dutena.