Noelia Compaisekin batu dira bosgarren lana egiteko Mielotxin taldeko kideak. Nafarroako folklorearen munduan 18 urteko ibilbidea egin ondoren, Nafarroako jota jarri dute lehen lerroan. Abuztuaren 12an aurkeztu zuten ikuskizuna Tafallan.
Baina proiektu zabalagoa da. Hiru fase nagusi izan ditu ekoizpenean: musikaren grabazioa, Miguel Irigarairen eskutik; bideoaren grabazioa, Santi Echeverriaren eskutik; eta ekoizpen eszenikoa, Ismael Yagüeren eskutik. Ikuskizuna eta film laburra da Ordago.
USB txartel bat sortu dute oraingoan lana biltzeko. Ikuskizun bakoitzean eskuragarri egongo dira eta hainbat fitxategi gordeko dituzte: Echeverriaren film laburra eta musikarien esperientzia biltzen duen bideo bat, eta joten abestiak eta partiturak biltzen dituen artxibo bat.