Nafarroako Pirinioan eta Pirinioaurrean xarma natural nagusietako bat arroilak dira Horien guztien artean, Arbaiungo arroila nabarmentzen da. Zaraitzu ibaiko urek zizelkatutako zintzur ikusgarri horrek 6 kilometro ditu, eta 300 metro inguruko desnibelak ere bai. Agertoki geologiko harrigarri horretan horma bertikalak daude, animaliei eta landareei habitat bikaina eskaintzen dietenak.
Hango faunaren artean, sai arreen kolonia nabarmentzen da, munduan ezagutzen diren handienetako bat da eta. Baina, horrekin batera, abifaunako beste espezie batzuk daude, adibidez, sai zuria, ugatza, belatz handia, hontz handia eta arrano beltza. Landarediari dagokionez, denetarik dago: espezie mediterraneoak (hala nola artea, erkametza eta abaritza) eta espezie hezeagoak (adibidez, lizarra eta pagoa).
Hainbat toki daude Arbaiungo arroilaz gozatzeko: Isuko mendateko begiratoki ikusgarria, Biotzariko zubia eta Usun. Azken horretatik arroilako irteerara joan daiteke, zeina San Pedro monasterio zaharreko ermitaren ondoan baitago, Nafarroan IX. mendean dokumentatu direnetatik lehena, hain zuzen.
Arroila bisitatzeko Usundiko sarbidea arautua dago, eta herriaren sarreran aparka daiteke. Nafarroa Ezagutu webgunean egin daiteke erreserba.