Kantuekin jolastea du gustoko Maria Mateo musikari atarrabiarrak. 16 urterekin hasi zen abestiak konposatzen, eta berriki horiek ezagutzera emateko erabakia hartu du. Banda batekin aberastu nahi izan ditu kantuak, eta horrela sortu du Lilo taldea. Nekanek, Irenek, Julenek eta Pello Iturriak ez dute zalantzarik izan: gogoz hartu dute haren proposamena.
Pandemia garaian sortu dute taldea, eta dagoeneko hamar bat abesti dituzte prest. Bi aurkeztu dituzte digitalki oraingoz, eta datorren hilabetean beste bi grabatuko dituzte Eñaut Gaztainagaren Gaztain estudioan. Zuzenekoak eskaintzea da, dena den, haien helburua. Txantreako Euskaldunon Biltoki elkartean eskaini zuten lehenengo kontzertua, harrera ederra izan zuen eta orain gogotsu daude sortu dutena erakusten jarraitzeko.