Aralarko Aizpearron kontzertua eskainiko du gaur Urmugak

Euskalerria Irratia 2021ko uzt. 21a, 10:05

Urmuga ardatz hartu eta musika eta kultura batzen ari dira hainbat mendizale egunero. Uztailaren 13an abiatu zuten egitasmoa eta gaur Nafarroako mugan barna ari dira. Miguel Zeberio Urmugako zuzendari artistikoarekin mintzatu gara.

Urmuga Euskal Herria mendebaldetik ekialdera josten duen ertza da, Artziniegako (Araba) Anguloko portutik Hiru Erregeen Mahairaino (Izaba, Nafarroa). Mendilerro luze horretan jaiotzen dira euskal ibaiak: iparraldera, urak Bizkaiko itsasora isurtzen dira; hegoaldera, berriz, Ebro ibaira, eta handik Mediterraneo itsasora. Hemeretzi etapatan zatitu dute ibilbidea, eta datozen egunetan Aralar, Azpirotz, Belate, Urkiaga, Ibañeta eta Azpegi mendateak zeharkatuko dituzue. 

Batzuek osorik egingo dute, beste batzuk hamar bat egun ibiliko dira, eta zenbaitek azken astea egingo dute eta asteburuko jendea ere badago. Gaur 21 kilometro eginen dituzte, Lizarrusti eta Albiasu batuz.

Mendizale gisa parte hartu gabe, kontzertuak ikustera bakarrik etortzerik ere badago. Izan ere, Urmuga mendialdera eramaten ari da musika. Urmugan barrena egingo dituzten bederatzi kontzertuen ardatza Et Incarnatus orkestra izango da. Baina lagun gehiago ere izanen dituzte inguruan. Gaur Aralarko Aizpearron izanen dira Anari, Josu Zabala, MICE, Maialen Lujanbio, Idoia Asurmendi eta Donostiako Orfeoiarekin batera. 

Baina Baigorrira, Okabe, Orhi eta Erremendia mendietara ere eramanen du musika Urmugak uztailaren 31 bitartean. Izaban eginen dute amaierako festa.

Urmuga egitasmoaren planteamendua ongi egokitu da COVID-19 gaitzaren prebentziorako neurrietara: Mendizaleen eta kontzertuetako ikusleen kopurua zenbatua izango da, eta, horretarako, parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute www.urmuga.eus webgunean.

Argazkia: @IreneLarraza

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!