“Irudilantegia-Atelier de imaginarios” proiektua Labrit Ondareak bederatzi hilabetez garatu duen ikerketa antropologiko berritzailea da; bere helburua: Gayarre Antzokia bezalako toki identitario batek iruindarren imaginario kolektiboan duen pisua aztertzea, funtsean, herritarrei luzatutako deialdian parte hartu zuten berrogeita hamar pertsona baino gehiagoren zuzeneko lankidetzaren bidez. Hainbat hilabetez azterketa-subjektua izan den Gayarre Antzokia bera aukeratu dugu egitasmoaren azken ekitaldiarendako. Bertan, kultur ondarearen kudeaketari eta memoriari aplikatutako antropologia-ikerketaren emaitzak jakinaraziko ditugu. Bide batez, Elena Aitzkoa artistak Uharte Zentroan, egitasmoaren baitan, garatu duen ikerketa artistikoaren emaitza ere ikusgai izanen dugu.
“El placer del origen, tú” pieza eszenikoa da, eta bere asmoa da agerian jartzea Gayarre Antzokiak duen ezaugarria, bere burua berritzeko eta une oro sorkuntza hartzeko gai den gorputz sinboliko gisa. Bere burua munduratzen duen animalia bat bezala. Planeta baten hazia garraiatzen duen espazio-ontzi bat bezala, gu guztiak barnean gaudela. Eser zaitezte! Iruñean kokatuta dagoen eraikin bat, Arga ibaiaren parean, abesten eta etengabeko mugimenduan. ‘El placer del origen, tú’ lanak bidaia proposatzen du sorkuntzaren imajinario intimo, erromantiko eta atabikoan. Eskultura batzuk baliatzen ditu, ex profeso eginak, espazioa mugitzeko, ekintza performatikoaren, ahotsaren, olerkiaren, txistuaren eta oihartzunaren bidez. Jaio nahi duen antzoki bat ondo zaintzen.
ELENA AITZKOA eskultorea eta poeta da. Bere sorkariak ekosistema heterogeneo bat dira, eta ekosistema hori gehiago edo gutxiago hurbila den ingurunearen elementu fisikoez eta emozionalez eta bizi-esperientziaz elikatzen da. Arreta eta sortze-energia materiaren konfigurazio poetikoan jartzen du, eta edertasuna izakien arteko lotura-elementu moduan ulertzen du. Bi arlo horiek eite berri bat hartzen dute performancean, kontaktu zuzenean publikoarekin. Aitzkoaren azken proiektuen artean hauek nabarmendu behar dira: Lendia song (2021) Azkuna Zentroan; Paneta …–… (2021), Habitación Huarte Zentroan; Zarza Corazón (2019), Museo Patio Herrerianon; Paraíso Terrenal (2019) poemen eta txistuen biniloa; Nuestro amor nació en la Edad Media (2018) filma; eta Headscarfs close to the Ground performanceen zikloa OsloPiloten esparruan (2016). Mujer Primitiva (2013) proiektua ere aipatzekoa da Praxis zikloan, Artium museoan. Erakusketa kolektiboetan edo performancearen esparruan, nazioartean erakutsi du bere lana, besteak beste, Italian, Japonian, Txinan, Ameriketako Estatu Batuetan, Portugalen, Ingalaterran, Norvegian eta Suedian.
EKITALDIAN zenbait lagunek parte hartuko dute. Elena Aitzkoak egingo duen hasieraren ondoren, Grego Navarro Gayarre Antzokiko zuzendari kudeatzaileak eta Betisa Ojanguren Uharteko Arte Garaikideko Zentroaren zuzendarikideak hitz batzuk esango dizkiete bertaratutakoei. Gero, Gaizka Aranguren Labrit Ondarea taldeko zuzendariaren txanda izango da, eta laburpen-bideo baten eta azalpen labur baten bidez azterlanaren datu nagusiak azalduko ditu. Jarraian, bi ikuspuntu akademiko izango dira: Olaia Fontalena, Valladolideko Unibertsitateko irakaslearena, zeinak ondareaz hitz egingo duen oro har; eta Alfredo Asiáinena, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nafarroako Artxibo Immaterialaren zuzendari teknikoarena. Azkenik, eta hitza publikoari eman aurretik, Patxi Irurzun nafar idazleak Gayarre Antzokiarekin lotuta dituen esperientziak eta bizipenak konpartituko ditu bertaratutakoekin.