Dimentsio fisikoa eta sinbolikoa izango duen egitasmoa da LABA; espazio bat baita; gune bat, Iruñe erdigunean kokatua, baina hori baino askoz gehiago da; sare, topaleku eta erakusleiho ere izan nahi du. Hasteko, erabilera anitzeko espazio bat eraikitzera doaz, arkupeak babestutako lokal bat: "Euskaratik sortutako elkargune bat, euskarazko kultur emanaldietarako oholtza, sorkuntza produktuetarako saltokia, kafetegia".
Baina espaziotik harago doa ideia: irradiazio gune izan dadila nahi dute, proiektu berrietarako abiapuntu, eta harremanetarako aitzaki. Proiektuari lehen bultzada emateko 30.000 euro lortu nahi dituzte, eta diru-bilketa bat jarri dute horretarako martxan, itsulapikoa.eus-en.
Ez da dirua, baina, eskatzen ari direna. Partaide aktiboak ere behar dituzte, ideiak, proposamenak, eta proiektuak, etengabe birasmatzen den gunea izan dadin.
Proiektua barrutik ezagutu nahi baduzue bihar eginen dute hurrengo bisita, 19:00etan. info@laba.eus helbidean eman behar da izena.