Ioana Hernandez: "Artisauek ezinbestekoak ditugu azokak"

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 8a, 15:13

Naparlur artisau kolektiboak antolatutako Nafarroako Artisautza Azoka ekainaren 10ean iritsiko da Gazteluko plazara. Bertan izanen da Ioana Hernandez haren zeramika lanak saltzen, eta harekin mintzatu gara Irrintzi Plaza saioan.

Nafarren eta beste leku batzuetako artisauen 35 erakusmahai jarriko dituzte Iruñeko Gazteluko plazan. Denetarik ikusteko aukera izanen da: egurra, xaboiak, bitxiak, buztingintza, oinetakoak, beira, burdingintza, larrua, ehungintza, lore lehorrak, oihalgintza... Horien artean Ioana Hernandez izanen da. Arte Ederretan lizentziadunak IO Zeramika artisau enpresa sortu zuen 2014an. Inoiz baino gehiago azoka ezinbestekoa duela aitortu du Irrintzi Plaza saioan. 

Bere etengabeko bilaketan, artisau honek etengabe ikasten jarraitzen du, zeramikaren munduarekin lotutako hainbat teknikaren ikastaroak egiten. Prestakuntza eta esperientzia hori kalitate handiko piezetara eraman du da. 

Ioanak sortzen dituen produktuen artean zeramikazko bitxiak, objektu erabilgarriak (katiluak, platerak eta pitxerrak) edo zeramikazko eskulturak eta muralak daude.

Naparlur artisautza kolektiboa duela 18 urte sortu zen, Nafarroako artisautza azoka berreskuratzeko asmoarekin. Aurten, erakusmahaiez gain bi tailer erakusgarri antolatu dituzte. Larunbatean sutegian gorritutako burdinekin ariko dira lanean Forgas Bruneko kideak; igandean, berriz, Iñaki Villanuevak egur eskulturak eginen ditu. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!