Josu Zabaleta: "Errepresioaren memoriaz hausnartzeko eleberria da"

Euskalerria Irratia 2021ko eka. 7a, 16:52

Lidia Txukovskaia idazle errusiarrari bigarren eleberri bat euskaratu dio Katakrakek: Urpean murgildu. Josu Zabaleta itzultzaileak ekarri du euskara. Elkarlanean, 2019an, Sofia Petrovna itzuli zuten euskarara.  

Urpean murgildu nobelaren protagonista Nina Sergueievna da, idazle eta itzultzailea. Errusiako idazle egoitza batean dago, 1949an. Urte horretan bertan hasi zen liburua idazten Lidia Txukovskaia idazle errusiarra, 1949 eta 1957 artean ondu zuen. Aurreko urteetako Stalinen Purga Handia du gai nagusietako bat, baina hamarkada bat beranduago kontatua. 

Errepresioak ukitutako hainbat pertsonaiekin topo egingo du protagonistak; idazleak, tartean. Eta garaiaz horiek ere idazten dutena du ardatzetako bat obrak. "Errepresioaren memoria" da funtsezko gaia Zabaletaren iritz. Memoria berreskuratzeko bidaia bat egiten du protagonistak: hamar urte lehenago senarrari gertatutakoa oroitzen eta eraikitzen saiatuko da. 

Horrek gaurkotasunez betetzen du eleberria, Zabaletaren aburuz: "Erantzun asko ez du eleberriak, baina galderak bai, eta galderarik gabe ez dago erantzunik".

Narratibako sailean Katakrakek argitaratzen duen bederatzigarren eleberria da Urpean murgildu.

«Errezelak hedatu eta itzuli egin naiz. Gelaren aurrez aurre nago orain. Hona non biziko naizen 26 egunez. Kontu handiz, errezeloz miatu dut ingurua. Horma urdinak, hodi urdinak, ohe apal, zabal bat, ohe-mahaia, alfonbratxoa, idazmahaia… Bizkor-bizkor, tintontzia eta Katiaren argazki bat jarri ditut mahai gainean; nire ikurrinak jaso… Hemen gertatu behar du, beraz, topaketak. Mahai hau, errezel ilun hauek, estore ilun hauek, errezel zuri hauek lekuko, beren leiho soiletan, leiho atzeko izeitxoak bezala.

–Afaltzeko ordua –esan du ahots gazte batek korridorean. Eta agindu-doinu nabarmenagoz:– Afaltzera, mesedez!

Baina ni gelan geratu naiz.»

Lidia Txukovskaia

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!