Euskal Herriko eta Errioxako 15 ekimenek osatzen dute Koobizitza

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 25a, 20:02

Koobizitza etxe kolaboratiboen sare bat da. Autonomia, elkar zaintza eta komunitatearen sostengua dira ekimen hauen guztien amankomuneko oinarriak. Honetan mintzatu gara Iosu Osta, sare berri honetako kidearekin. 

Zer da KOOBIZITZA SAREA?

Euskal Herriko eta Errioxako erabilera lagapeneko etxebizitza kooperatiba proiektuak biltzen dituen foro eta eragile berria da. Ekimen ugarik azken urtetan ehundutako harreman sare eta elkarlaguntzearen ondorioz sortua.

Eragile irekia da, eta interes amankomuna duen ekimen orori zabaldua.

Zeintzuk dira KOOBIZITZA SAREAREN OINARRIAK?

1_Irabazi asmorik gabeko ekimenak izatea (etxebizitza merkatu espekulatibotik ateratzea alegia) eta jabetza kolektiboa bermatzea kooperatibaren forma bidez. Kooperatibak egingo dio kide bakoitzari etxea erabiltzearen lagapena.

2_Autosustapenez eta ahal den heinean autogestioz jardutea, elkar laguntzeko komunitatea sortze bidean.

3_Etxebizitzara sarbidea eskuragarria eta inklusiboa izan dadin erremintak ezartzea.

4_Proiektuak egikarituko diren tokiko inguruarekiko erantzunkizuna, bai ikuspegi ekologikotik, baita giza harremanen alorretik.

5_Ereduaren hazkunde eta errepikagarritasuna ahalbideratzeko lanean jardutea.

Zein da KOOBIZITZA SAREAREN eginbeharra?

Inguru geografiko honetan dauden ekimenen aterki izatea.

Gaur egun eta lehen helburu gisa:

-Dokumentazio banku irekiak sortzea_Interes eta oinarri amankomun hauek ditugun proiektuen saretze plataforma izatea, esperientzia ezberdinak guztion eskura jarriz egikaritzen bidean elkar laguntzea.

-Administrazioarekin interlokuzioa_Garai honetan, etxebizitzarako eskubidea bermatua egotetik oso urrun dagoela garbi dugu, egungo legedi eta araubidea eta berau aplikatzeko modua ere ez direla nahikoa. Hortaz, bestelako etxebizitza politikak eta ereduak garatu ahal izateko marko administratiboa osatzen laguntzeko bideak irekitzeko lan egingo du.

-Ereduaren hedapena_Aldizka atera ohi diren berriek eta politikari ezberdinen adierazpenek eredu hau guztiz desitxuratzen dutela uste dugu, eta hortaz egun oraindik modeloa ongi ulertzen ez dela ondorioztatua, eredua gizarteratzeko lanak sustatuko ditu.

Eta aurrera begira, ahalegina egitea, gisa honetako ekimen eta proiektuek berariaz behar duten bidelaguntza teknikoa eskeintzera iristeko.

Nortzuk osatzen dugu KOOBIZITZA SAREA?

Egun, Euskal Herriko eta Errioxako 15 ekimenek osatzen dugu taldea.

Proiektu guztiak jabetza kolektiboan eta erabilera lagapenean oinarritzen gara eta Red de Redes de economía alternatiba solidariako (REAS-ko) kide gara.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!