Igor Legarreta: "Ilargi guztiak nafar banpiro istorio bat da"

Euskalerria Irratia 2021ko mai. 11a, 19:24

Igor Legarretaren bigarren film luzea, XIX. mendean girotutako banpiro istorioa, euskaraz errodatua, ostiralean iritsiko da Golemeko pantailetara. Hilezkortasunaz eta bizitzaz mintzo den film hau Urbasan, Xorroxinen eta Leurtzako urtegian errodatu da, besteak beste. Igor Legarretarekin eta Josean Bengoetxea aktorearekin mintzatu gara. 

Iazko udaberriko konfinamenduaren ostean Euskal Herrian filmaketari berrekin zion lehen filma izan zen 'Ilargi guztiak', osoki euskaraz errodatua. Banpiro istorio gisa aurkeztua izan da, eta banpiroak egon badaude filmean, baina zuzendariak nabarmendu du ez dela beldurrezko istorio bat, nahiz eta beldurraz hitz egiten duen: heriotzaren aurreko beldurraz, bizitzaz, hilezkortasunaz...

Sinopsia:

Azken gerra karlistaren amaieran, basoaren sakonean bizi den emakume misteriotsu batek soldaduek eraso egin duten umezurztegi batetik neskato bat erreskatatuko du. Hilurren dagoen haurrak uste du aingeru bat agertu zaiola, haren bila etorri dena Zerura eramateko. Laster ohartuko da izaki arrotz honek betiko bizitza eman diola berarekin betiko gelditzearen truke. Egoera berri honetan, bere haurtzaroan betirako harrapatuta,  ahal bezala biziko da, bakardadean eta ilargiak eten gabe kontatzen, Candido  ezagutu arte.  Gizon xumea da eta bere etxean hartuko du galdu zuen alaba balitz bezala. Baina haurrak bizi nahi du, ez du hilezkor izan nahi.

Aktore protagonistak Itziar Ituño eta Josean Bengoetxea dira eta haiekin batera Haizea Carneros 12 urteko neskatila bizkaitarra. Pascal Gaigneren musikak ere egingo dio ohiko ekarpen bikaina kontakizunari eta filmaren giroari.

'Ilargi Guztiak' Arcadia Motion Pictures, Kowalski Films, Pris & Batty Films eta Ilargia Films ekoizpen-etxeen filma da, eta Noodles Production (Frantzia) ekoizpen-etxearekin batera koproduzitu dute. Partaide izan dira EiTB, RTVE eta Vodafone, eta ICAAren, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzaketa jaso du. Filmax arduratuko da Espainian banatzeaz eta nazioarteko salmentaz.

Joan den astelehenean Igor Legarreta eta Josean Bengoetxea Iruñeko Golem inematokietan izan ziren filmaren aurkezpena egiten eta han izan genuen haiekin solas egiteko aukera. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!