Lerro hauek idazten nabilen egunean hasi gara berriz jartzen Nafarroan eta Euskal
Herriko beste hainbat bazterretan Oxford-Astrazenecak garatutako COVID19-ren
aurkako txertoa. Honen erabilera ia bi astez egon da etenda, Espainiako Gobernuak,
Frantzia, Alemania eta Italiakoarekin batera hartutako erabakiaren ondoren,
zuhurtasun-printzipioa argudiatuz (principio de precaución, gazteleraz). Aurreko
ostegunean, martxoaren 18an, ordea, Europako Medikamenduaren Agentziak berretsi
zuen txerto hau segurtasun handiko txertoa dela. Egun hauetan zehar, gure gobernuen
Osasun Sailetako harduradunen deklarazio bitxiak entzun ditugu, alde berean defendatu
behar zutelako txertoaren segurtasuna eta txertoa jartzearen moztea. Santos Induraini
eta Gotzone Sagarduiri ez diet inbidirik izan egun hauetan. Egun hauetan gertatutakoa
zentzugabekeria izan da. Honela bakarrik definitu dezakegu azken asteetan Europar
Batasunean gertatzen ari dena. Juan Ignacio Perez Iglesiasek nik baino hobe deskribatu
du egoera hemen. Dena den, gaiak askorako ematen du, eta honen inguruan hainbat
hausnarketa luzatu nahiko nizkizueke.
Lehenik eta behin, ikus dezagun zer den zuhurtasun-printzipioa. Teknologia ala produktu
berriren batek (jakia ala medikamentua, normalean) osasunean kalte larria eragin
lezakeen susmoa balego (nahiz eta froga zientifiko finkorik ez egon), printzipio honen
arabera honen erabilera eten beharko litzateke zalantza argitu arte. Horrela ikusita,
zentzuzko gauza dirudi. Printzipio honen helburua, hortaz, kaltegarria ala arriskutsua
izan litekeen egoera bat ekiditea da. Gure gaira itzuliz, printzipio hau OxfordAstrazenecako txertoaren aferan nola erabili izan den analizatuko dugu. Izan ere, txerto
hau jartzea izango litzateke aurkitu diren hainbat ezohiko tronbosi larrien jatorria.
Jarraitu aurretik, gogora dezagun lotura hau ez dagoela demostratua. Dena den,
konexioa demostratua egon ez arren, pena mereziko luke konexioa dagoen ala ez
analizatzea kasu larrien kopurua (kalteak) onurak baino handiagoak izango balira.
Hortaz, aldera ditzagun kalteak (txertoak eragingo lituzkeen ustezko tronbosi larrien
kasuak) eta onurak (txertoak ekidituko lituzkeen COVID19-k eragindako hildako
kopurua).
Has gaitezen tronbosi larrien kasuekin. Mundu mailako zenbakien arabera, txertoa
jarritako milioi pertsonetik bik izango lukete arazo hau (2/1.000.000). Nafarroaren
biztanlegoa kontutan hartuko bagenu, asko jota bi pertsonek izangoo lukete arazoa,
baldin eta populazio osoari txerto hau jarriko balitzaio. Estadistikoki, kontutan hartuta
biztanlegoaren zein populazio proportzioari jarriko zaion Astrazenecako txertoa, asko
jota pertsona batek izango luke arazoa (ustez txertoagatik). Baina, gaixotasun hau
bakarrik Astrazenecako txertoa jaso dutenek pairatzen dute? Ba ez! Populazio
orokorrean, inzidentzia handiagoa da! Kalteak aztertu ondoren, analiza ditzagun
txertoaren onurak. Astrazenecako txerto honek (eta beste batzuk) hildako kopuru
handia eragiten duen COVID19tik babesten gaitu. Zenbat hildako eragin ditu orain arte?
Azter dezagun Estatu Espainoleko datuak. Johns Hopkins Unibertsitatearen datuen
arabera, 73.744 hildako eragin ditu COVID19ak, eta populazioa, “Insituto Nacional de
Estadística”ren arabera, 47.351.567 zen 2020ko uztailaren 1an. Hortaz, milioi biztanleko
zenbat hildako eragin ditu COVID19k? 1500 inguru! (Nafarroan antzerako proportzioak
ateratzen dira). Ondorioak garbiak dira: populazioaren %10ri Astrazenecako txertoa
jarriko balitzaio, batazbeste milioiko 150 bizitza salbatuko lirateke (eta tronbosi larria
izateko probabilitate handiena 0 izatea litzateke. Atera ondorioak zuen kabuz: zer da
arriskutsuagoa? COVID19 harrapatu ala Astrazenecako txertoa jarri? Nire ustez, argi eta
garbi, COVID19 harrapatu. Aukera izango banu, zalantzarik gabe txertoa jarriko nuke.
Datu hauen arabera, nire ustez, zuhurtasun-printzipioa oso gaizki aplikatu da kasu
honetan. Dena den, litekeena da arrazoiak osasun alorrekoak ez izatea da. Azken
hilabeteetan Europar Batasuna eta Astrazenecaren artean tirabirak daude.
Farmazeutikak aurrikusitako dosi kopurua ez duela bidaltzen, beste batzuk gehiago
ordaintzen omen dute, Erresuma Batuak nahi dituela eta presioa egiten duela…
Badirudi, hortaz, Europar Batasuneko herrialdeek presioa egiteko erabili dutela afera
hau, eta ez benetazko osasun arazoak zeudelako. Afera honen azken uneko kontua
Italian agertu diren Astrazenecako txertoaren milioika dosiak dira. Europar Batasuneko
susmoetan, Erresuma Baturako ziren dosi horiek. Bertara doazen Europan ekoizten
diren Pfizerren txertoen esportazioak mugatzea izan da Europako erantzuna (hemen
duzue azalpen sakonagoa). Astrazenecaren esanetan, 3. munduko hainbat
herrialdeentzako ziren dosi horiek. Akusazio gurutzatuen ostean, Erresuma Batuak eta
Europar Batasunak elkarrekin atera dute komunikatua arazoa konponbidean jartzeko
asmoz.
Hau guztia ikusita, nire uste apalean, Europar Batasuneko herrialde askok (ez denak,
Belgika adibidez salbuespenetako bat izan da) zuhurtasun printzipioa aitzaki gisa erabili
dute Astrazenecari (eta Erresuma Batuari agian), presioa egiteko. Zientziaren mundutik
Astrazenecaren txertoarekin txertaketa moztearen aurka agertu dira espezialista ia-ia
guztiak, aho batez. Europako Medikamenduaren Agentziak berak, datuak analizatzen
zituen bitartean, txertaketarekin jarraitzea gomendatzen zuen. Honek guztiak
populazioan zalantzak, kezkak eta beldurrak altxatu ditu. Izan ere, osasun arazoz
mozorrotutako afera politiko-ekonomiko-komertzial honek ondorio kaltegarriak ekar
litzake hainbat alorretan:
Hildako kopurua handitzea: Txertaketa moteltzeak, azkenean, hildako kopurua
handitzea dakar. Izan ere, tarte honetan txertatuak izan ez diren pertsonen artean,
portzentai batek gaixotasuna hartuko du, eta gaixo hauetatik portzentai bat hilko da
(ezin da zuzenean neurtu, baina milioi biztanleko hildako bat baino gehiago izango da
emaitza, ziur). Horretaz gain, birusaren zirkulazioa gutxitzen ez dugun arte mutazioak
gertatzearen arriskua dago.
Astrazenecako txertoarekiko konfidantza galtzea: gure ordezkari politikoek hartutako
erabaki honek Astrazenecaren txertoarekiko konfidantza galtze handia eragin izan du.
Gaur Astrazenecarekin txertatutako jende askok bere kezkak plazaratu ditu. Hau arazo
bihur liteke jendeak ez badu txerto hau jarri nahi. Kezka sortzearen ardura handia dute
Gobernuek, kezkarako (osasun aldetik bederen) pisuzko arrazoiak ez zeudenean,
lehenago ikusi dugun moduan.
Ordezkari politikoekiko konfidantza galtzea: erabakia estatuen goi mailan hartua izan
da, eta komeriak pasa dituzte Nafarroako eta Euskal Autonomi Erkidegoko Osasun
Saileko arduradunak erabakia justifikatzeko. Gainera, behin txertoarekin jarraitzea
onartuta, sei egun eman dute berriz txertaketa prozesuarekin jarraitzeko. Kontraesan
ugari hauek gure ordezkariekiko konfidantza falta areagotu dezake. Eta beraiengan
konfidantza gutxitzen bada, nola beteko dira bete behar diren neurriak? Puntu honetan
azpimarratu nahiko nuke Osasun arlotik egiten diren gomendioak betetzea oso
garrantzitsua dela, gure ordezkarien kontraesanak alde batera utzita. Hauek gaizki
egiteak ez du esan nahi besteok ere gaizki egin behar dugunik. Egin kasu zientziaren
aldetik eta osasun arlo profesionaletatik heltzen zaizkigun gomendioei eta arauei.
Enpresa Farmazeutikoekiko konfidantza galtzea: Bukatzeko, farmazeutiken inguruan
konfidantza galera ere suposatu du. Izan ere, empresa farmazeutikek diru publiko asko
erabili dute txertoen garapena aurrera egiteko, eta orain borroka komertzialengatik
txertaketa prozesua moteltzen ala gelditzen bada, nola ikusiko ditugu begi onez? Dena
den, multinazional farmazeutikoek konfidantza handirik ez eman arren, oso garbi izan
behar dugu bertan lan egiten duten zientzialari eta profesionalak oso konfidantzazkoak
direla medikamendu eta txerto seguru eta eraginkorrak garatzeko orduan. Sendagaiak
eta txertoak dira gizakion bizi iraupenaren luzatzearen arrazoi nagusietakoak, ez
dezagun hau ahantzi.
Bukatzeko, azken hausnarketa. Gerora etor daitezkeen pandemia berrien aurrean,
txertoen gerra komertziala nola ekiditu daitekeen pentsatzen hasi beharko ginateke.
Ideia interesgarri desberdin plazaratu dira: empresa farmazeutiko publikoak sortu
edo/eta patenten anulazioa interes publikoa nagusitzen den kasuetan (inbertsio
publikoa handia izanda, gainera). Gai honek hausnarketa sakona merezi du, eta beste
baterako utziko dugu.