Xavi Azanza: "Esfortzu handia egin du Sakon elkarteak antropologoak laguntzeko"

Euskalerria Irratia 2021ko mar. 16a, 16:42

Sakon espeleologia taldeak aurkitu zuen 2017an Nafarroako gorpuzki zaharrena, Loizuko gizona. Xavi Azanza kidearekin mintzatu gara Irrintzi Plaza saioan.

Aurkikuntza 2017ko azaroaren 20an gertatu zen. Sakon espeleologo taldea Errotalde I haitzuloan espeleologia jarduerak egiten ari zen bitartean. Loizuko iturburua sortzen da bertatik eta antzinatik ezagutzen zen arren, ordura arte ez zen sakon esploratua izan. Erroibarko bizilagun batek gomendatu zien haitzuloa. 

Espeleologoek Kultura Zuzendaritza Nagusiari eman zioten aurkikuntzaren berri. Bi ikuskapen-bisita egin ondoren, Ondare Historikoko Zerbitzuko teknikariek eta antropologia fisikoko espezialistek aurkikuntzaren garrantzia berretsi zuten.

Hondakinak aztertzeko eta ateratzeko lanak egitea oso konplexua izan da. Izan ere, hileta-depositua dagoen lekurainoko igarobidearen zati handi bat etzanda narrastu behar da, eta, beraz, bereziki konplexua izan da erregistroko ekipoen desplazamendua. Haitzuloak duela 11.000 urte beste sarrera bat izanen zuela uste dute Sakon taldeko kideek.

Lan horretan funtsezkoa izan da Sakon taldearen lana, ikertzaileen zirkulazioa errazten eta bermatzen baitu uneoro. Gorpuzkiak jasotzea ere bereziki zaila izan da, hezur batzuk partzialki karbonatoak eta soldaduak aurkitu baitituzte lurrean.

Hiru maila ditu Aintzioa-Loizu kontzejuan dagoen Errotalde I haitzuloak. Sakon elkarteak 1.400 metro aztertu dituzte, baina oraindik asko geratzen zaie miatzeko. 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!