Iruñeko Udalaren Ingurumen Heziketarako Zerbitzuak, Biarritzeko Malandain Ballet-ak, Donostiako Cristina Enea Fundazioak eta Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdeak artea eta ingurumena uztartzen dituen programa aurkeztu dute: Planeta dantzan.
Hezkuntza programa honek 2018-tik hona Itsas Laminak-Sirenas proiektuarekin lortutako esperientzia sakondu eta zabaldu egiten du. Malandain Ballet-aren koreografietatik abiatuta, ingurumena eta dantza lotzen dituzten material eta ibilaldi pedagogiko berriak eskaintzen dira, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan erabilgarriak izan daitezen.
Planeta dantzan programa Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeak finantziatua izan da.
Programaren helburua ingurumen-alorreko mezu erakargarri bat zabaltzea da, metodologia eta baliabide berritzaileak erabiliz, heziketa-programen irakaskuntza aberasteko eta ikasleen artean dantza eta sorkuntza artistikoarekiko zaletasuna sustatzeko.
Iruñea, Donostia eta Biarritzeko Bigarren hezkuntzako 12 eta 15 urte bitarteko ikasleei dago zuzendua. Ikasleek egungo ingurumen krisialdiari buruzko ezagumenak jasoko dituzte eta honi aurre egiteko irtenbideak bilatzeko prozesuan sartuko dira. Eta guzti hau, dantza lantegiak, balletaren zuzeneko ikuskizuna eta gelan burutzeko unitate didaktiko baten bitartez eginen da.
Irrintzi Plaza saioan Iosu Alfaro Ingurumen Heziketarako zentroko teknikariarekin, Olaia Oneka Iturrama Institutuko irakaslearekin eta Mikel Ripodas Iparralde Institutuko zuzendariarekin mintzatu gara programa honetaz.