Bea Sever: "Eskubideak ematea ez da inoiz izanen besteen eskubideen galerarako"

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 25a, 17:03

Trans Pertsonen Berdintasun Erreal eta Eraginkorrerako legearen zirriborroa aurkeztu du Espainiako Gobernuak. Legea idazteko mahaian izan den Naizen elkarteko bozeramailea izan da Irrintzi Plaza saioan. 

Trans Pertsonen Berdintasun Erreal eta Eraginkorrerako legearen zirriborroa aurkeztu du Espainiako Gobernuak.  Sexu aldaketa egiteko gaur egun dauden baldintzak ezabatzen ditu eta pertsonaren “berariazko adierazpena” soilik izango da beharrezko, eta eztabaida eragin du gaiak. Bea Sever Naizen elkarteko bozeramailearen iritziz, feminismoaren kontrola da benetan eztabaidatzen ari direna, baina kritikatu du horren eraginez pertsona asko eskubiderik gabe geratuko direla.

Hego Euskal Herrian ez du hainbesteko eraginik izanen legeak, berezik adingabeen artean. Nafarroan LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko ekainaren 18ko 8/2017 Foru Legeak arautzen ditu pertsona transexualeen eskubideak. Autodeterminazio eskubidea jasota dago horretan.

Nafarroan, esaterako, pertsona transexualentzako osasun-arreta diziplinarteko Transbide zentroa ezarri da. Legearen arabera, ez da inolako txosten psikologiko edo psikiatrikoren beharrik eskubide horiek baliatu ahal izateko. Hala ere, Severrek ohartarazi du praktikan ez dela beti horrela: "Arazoak ditugu zerbitzuarekin, baina legearena ez da errua, pertsona jakin batzuek legea nola interpretatzen dutenean dago gakoa".

Nafarroak eskuduntza ez duen esparruetan eraginen du Unidas Podemoseko Irene Monteroren ministerioak prestatu duen lege proiektuak: erregistroan, esaterako. Momentu honetan indarrean dagoen legeak genero disforia “diagnostikatzea” eta gutxienez bi urteko hormonazio tratamendu bat jarraitzea ditu baldintza moduan sexuz aldatu ahal izateko, baina Lege zirriborro berriaren helburua transexualitatea despatologizatzea da. 

Lege proiektuak oraindik ez du PSOEren erabateko oniritzia. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!