Alberto Ladron: "Mendekua justizia mota bat da, muturrekoa, baina justizia"

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 11a, 19:26

Alberto Ladron Arana idazle iruindarrak "Mendekuaren hazia" bere hamabigarren eleberria aurkeztu du. Thriller berri honetan Leire Asiain foruzaina izanen da berriro ikerketa aurrera eramateko arduraduna. 

Eleberria 2014an Donostian gertatutako erailketa batetik abiatzen da: Andoni Isok andregaia akabatzen du baina Ertzaintzak ezin izaten du haren aurkako frogarik topatu. Handik bi urtetara, Nafarroan beste neska bat desagertu da, Erronkari inguruan. Leire Asiain foruzaina arituko da kasua argitu nahian, baina hori ez da 2020ra arte argituko, Asiain bera Foruzaingotik kanpo dagoenean.

Aurreko lanean fikzioan aurkitu bazuen inspirazio iturri nagusia, kasu honetan erralitatetik edan du egileak istorioa josterakoan. "Errealitateak fikzioa gailentzen duela pentsatzen duen horietakoa naiz". Hala, urtebete eman du idazleak kasu desberdinak ikertzen, eta horietako bi hartu ditu lan berrirako oinarri nagusitzat.

Ladronek azpemarratu duen bezala irakurleak "erruz aurkituko ditu" suspentsea, misterioa, elkarrizketa biziak eta umore ukituak bertan. 

Irrintzi Plaza saioan izan ditugu Alberto Ladron Arana eta bere Mendekuaren hazia. 

 

Sinopsia: 

Andoni Isok bere andregaia akabatu zuen Donostian, anker eta hotz, baina Ertzaintzak ezin izan zuen haren aurkako frogarik topatu. Handik urte batzuetara, berriz, beste emakume bat hil eta desagerrarazi duela dirudi, Nafarroan, baina neskaren gorpurik ez da inon ageri, eta hilotzik ezean ezin hilketarik egotzi.

Leire Asiain Foruzaingoko inspektorea jo eta su saiatuko da, bere talde osoarekin, kasua argitzen eta Isoren akatsen bat harrapatzen, baina, susmoak eta arrastoak pilatu arren, ikerketak aurrera egin ahala, misterioa argitu ordez, mataza nahasia are gehiago loditzen eta korapilatzen doa.

Asiain inspektorearen kasu berri bat, misteriozko eleberrien maisuaren eskutik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!