Idoia Hernandezen pianoa, Ilargi Agirreren bateria, Jurdana Otxoaren bibolina eta Peru Galbeteren ahotsa eta gitarra elkartuko dira gizarteak emakumeengan ezartzen dituen mugez eta indarkeriaz hausnarketa egiteko. Emakumeok askotan eta modu askotara sufritzen dugula indarkeria estrukturala esan digu Idoia Hernandezek. Berak, esate baterako, sorkuntzaren alorrean hori sentitzen du askotan, Irrintzi Plaza saioan azaldu digun bezala.
"Panpin hautsien dantza" gizarteak emakumeengan ezarritako mugak suntsitzeko ahalmena duen sormenezko ekintza bat da. Bidezkoa. Logikoa. Beharrezkoa. Feminitateari lotutako hitzak historikoki duten edukia hustu eta askatasunarekin lotura duten edozein keinu, hitz edota sentimenduekin bete. Etiketek atzean dituzten itzal guztiak berrinterpretatzeko, birsortzeko.
Iluntasuna oinarri, kontrastez beteriko kontzertua, Tom Waits musika-teatroaren zakartasunetik edota Satieren piano kantuen gozotasunetik bidaiatzeko aitzaki bat. Ez da ohiko kontzertu bat. Ezta ere bakarkako kantuen segida bat. Antzerki ikuskizunen antzera hasiera eta bukaera bat du. Kantuen arteko transizioak testuekin, argiekin edota inrpobisazio eta material elektroakustikoarekin landu dira. Pieza guztiek bat eginez. Horrezgain, taula gainean musikarien 3/4 emakumeak dira. Bidezkoa. Beharrezkoa.
Musika, hitza eta anzerkia, dena bat eginik "Panpin hautsien dantza" ikuskizunean, ostiralean 19.30ean Iturrama Civivoxean. Sarrera doan, aldez aurretik izena eman behar da aurrez aurre, edozein Civivox zentrora joanda, online, www.pamplonaescultura.es eta telefonoz, 010 zenbakian (948 420 100 mugikor batetik edo Iruñeaz kanpotik deituz gero).