"Luxu bat izan da: istorio eta proiektu asko ezagutu ditugu muga atzean utzita eta zubiei bakarrik erreparatuz"

Euskalerria Irratia 2021ko ots. 3a, 18:10

Zubiak irratsaioak jaso du aurtengo Irratia Argia Saria. Euskadi Irratiak eta France Bleuk egin dute azken lau urteetan elkarlanean, Euskalerria Irratiaren kolaborazioarekin. Gidariak bildu ditugu Irrintzi Plaza saioan. 

Alaia Martin bertsolariak eta Pantxis Bidart musikariak aurkeztu dute Zubiak saioa azken bi urteetan. Ohitura berreskuratu eta hiru irratien arteko zubia egin dugu berriro haiekin hitz egiteko. Pozik jaso dute Argia saria; saioak gozamenerako eman dien azken opari gisa. 

2016. urtean sortu zuten elkarlan proiektua  Euskadi Irratiak eta France Bleuk, Alaia Martin eta Artzen Letona gidari zirela. 2017an batu zen irratsaiora Euskalerria Irratia, Saioa Alkaizaren kolaborazioekin. Lau urte iraun du saioak, eta denbora horretan, 160 irratsaio egin dituzte, “zubiak eraikitzen”.

Hitz bat ardatz hartuta egituratu dituzte saioak. Hitzari lotutako herriak, lagunak eta proiektuak ezagutzen, eta ezagutarazten. Gurkotasunezko gaietatik eta adiera literalenetatik ihesi, ahotsa ez dutenei mikrofonoa gerturatuz. 

Iazko uztailean emititu zuten azken saioa, hain zuzen ere, Azkena izena zuena. Ibilbidea oraingoz amaitua baitu saioak, nahiz eta, azken aurrekoa ere izan daitekeen azkena Zubiak saioan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!