Aurten beteko dira 500 urte, 1521eko maiatzaren erdialdean, Nafarroako Henri II. Zangozarraren tropak Iruñean sartu zirela. Iruindarrek bibaka eta goraka hartu zituzten erresuma askatzea zetozen indarrak. Biztanleak matxinatu egin ziren hiria okupatzen zuten gaztelar soldadu eta mertzenarioen kontra. Historia itzulipurdika jartzeko aukera ikusi zuten, Nafarroa berriro euskal-nafarren eskura itzultzeko aukera alegia.
Tuterako herriak bat egin du Armada Askatzailearekin, eta kanporatu egin ditu indar arrotzak. Ez militarrak bakarrik: herritarrak abiatu dira Inkisizio-Jauregira, bertako ataria hautsi, presoak liberatu, eta inkisidoreak Ebrora bota dituzte. Gertaera horiek izanen ditu hizpide Asisko Urmenetak bihar.
Gutxi iraun zuen tuterarren eta beste nafartarren pozak. Armada inperialak okupatu egin zuen erresuma atzera, eta Ofizio Santuko Tribunala bete lan ibiliko da indar leialen informazioak biltzen, ondoko urteetan. Sugarren Mende liburuan bildu berri du Urmenetak sorgin ehizaren historia, eta komikia egiteko egindako azterlana ere hartuko du hizpide idazleak.
‘1521: bota inkisidoreak Ebrora’ hitzaldia 19:00etan eskainiko du Urmenetak Kondestablearen jauregian. Edukiera mugatua izanen du eta bertaratzeko batalladenoain@gmail.com helbidean eman behar da izena.