Ines Castiella Nafar Ateneoko Euskara Saileko eledun berria da

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 26a, 19:38

Hiru urtez egonen da kargu honetan. Bere helburua da Joxe Miel Bidador Poesia Taldea eta Euskarazko Poesia Lehiaketa bezalako ekimenekin aurrera jarraitzea, hala nola beste erakunde eta taldeekiko elkarlanak sustatzea. 

Otsailaren batera arte, hau da, astelehenera arte irekia dago epea idazlanak bidaltzeko Nafar Ateneoak antolatutako euskarazko poesia lehiaketara.

Euskara hutsezko txapelketa honen hirugarren edizioa da aurtengoa. Poemak gehienez 60 bertso-lerro izan ditzake, aurtengo edizioaren gaia da Etorkinak eta saria 1500 eurokoa.

Hau ez da Nafar Ateneoak euskararen inguruan antolatzen duen ekimen bakarra. Iruña Hiria poesia sariketan, esate baterako, bada euskarazko kategoria eta hilean behin Joxe Miel Bidador poesia taldea biltzen da euskarazko lanak eta egileak ezagutzera emateko.

Ekimen hauekin eta beste erakunde eta taldeekin elkarlanean egiten dituztenekin jarraitu nahi du Ines Castiellak. Bera da orain eta duela bi astetik, Euskara Saileko eledun berria.

Elkarlanaren bidetik heldu esate baterako laster hasiko den ikastaro bat: Nafar Ateneoak eta UEUk euskarazko Irakurle Taldeetako partaideentzako ikastaro interesgarria antolatu dute otsailaren 6tik aurrera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!