Iñigo Otxoa: "Udaletik bizikidetza euskararen gainean eraiki nahi dute""

Euskalerria Irratia 2021ko urt. 8a, 12:28

Iñigo Otxoa HE Gurasoak plataformako kideak Iruñeko euskarazko haur eskolei buruzko iritzi-artikulu batean azaltzen du nola Iruñeko haur eskolen aferan eta hezkuntza alorrean oro har, bizikidetzaren izenean euskarazko murgiltze eredua baztertzen den.

 

“Bizikidetzatik apartatzeko bizikidetzarako gonbita” izena du artikuluak eta bertan Iruñeko Udalak haur ekoletako euskarazko plazak murriztu eta iparraldeko auzoetara zokoratu zituen iaz. Hurrengo ikasturterako egoera arintzeko zerbait egingo da. Dirudienez, euskarazko plaza gutxi batzuk jarriz Iruñeko hegoaldean.  Udalak, hala ere, ez du murgiltze ereduaren aldera egiten honetarako, eredu mistoaren alde, baizik, baina euskaldunok, ederki ongi dakigu zer gertatzen den bi hizkuntzak elkartzen direnean. Horrela azaldu digu Iñigo Otxoak Metropoli Forala saioan.

 

Hau da artikulua:

 

BIZIKIDETZATIK APARTATZEKO BIZIKIDETZARAKO GONBITA

“Bizikidetza” da Iruñeko euskarazko haur eskolen eztabaida politikoan aurkitzen dugun aurkako argudioa. Guk, euskarazko murgiltze eredua eskatu, eta esparru politikoko gehiengo zabalak horri eusten dio. Bitxia da gainera, murgiltze ereduaren kontra agertzea, baina ez gaztelerazkoaren aurka.Gu bizikidetzaren kontrakoak gara eta bizikidetza euskararen gainean eraiki behar da beraz.

Udaletxeak (Gobernuaren omisioz), euskarazko plazak murriztu eta iparraldeko auzoetara zokoratu zituen iaz. Hurrengo ikasturterako, denen ustez egoera bidegabea denez, udaletik, egoera arintzeko zerbait egingo da. Dirudienez, euskarazko plaza gutxi batzuk jarriz Iruñeko hegoaldean, euskararen basamortuan nonbaiten. Baina nola? Euskarazko murgiltze eredua baztertuz eta eredu mistoak sustatuz,antza denez. Eredu mistoa euskarazko adarra eta gaztelerazko adarra bereizten dituen eredua da, teorian. Praktikan ordea, gaztelera gailentzen da haurren espazio komunetan, hezitzaileen arteko harremanetan, funtzionamendu administratiboan… orokorrean.

Bikote pedagogikoetan lan egiten dahaur eskoletan. Euskal adarreko eta gaztelerazko adarreko hezitzaileek elkar ulertu behar dute eta denbora eta espazioa koordinatu, nahi ala ez. Arkitektonikoki ere, eraikin gehien-gehienen espazio banaketa horrela funtzionatzeko eginda dago, komunean lan egiteko, alegia. Beste faktore bat, hezitzaileen profila izango da hemendik aurrera. Euskarazko murgiltzearen kontrakoek diseinatuta, EEP berrietatik euskarazko profila duten hezitzaileak gutxi izango dira. Hori diseinatu dutenek beraiek, zinikoki, euskararen eskaintza eta murgiltze eredua sustatzea ezinezkoa dela arrazoitzen dute, euskarazko hezitzaile nahikoa ez dagoelako.

Euskarazko murgiltze ereduari trabak jartzen dizkioten horiek, balio aurrerakoiak eta balio ezkertiarrak defendatzen dituzte askotan. Aukera-berdintasuna dute beti beraien argudiategi politikoaren ardatz. Argi dago, eredu mistoa ez dela aukera-berdintasuna, ekitatea ez da inondik inora ere betetzen eta. Ia ezinezkoa gertatzen da euskara etxetik dakarren umeak euskarari eustea. Arlote sentitu aurretik, ume guztiek normalak eta taldearen parte izatea nahi izaten dute. Era berean, gaztelera etxetik dakarren horrentzat zaila da benetan euskaraz hasteko une magiko hori aurkitzea.Euskarariez zaioaukerarik ematen, eta horren ordez, arrotz eta bigarren mailako sentiarazten gaituztegeure herrian. Horrelako egoerek neurri bateko edo besteko traumak sortu izan dituzte eta beldur naiz sortzen jarraitzen ez ote duten. Izan ere, diglosia argiko kasuak daude, non umeek nahiago izan duten mutu gelditu denboraldi batez, euskarari eutsi baino.

Gure eskubideak errespeta daitezela eskatu behar da, noski, baina batez ere, gure esku dagoena egin, ahaldundu. Hizkuntza eta hezkuntza politika honekin, etxean, eskolaz kanpoko espazioetan, erreferentzia eta iruditeria ezberdinetan… euskara sendo transmititzeak berebiziko garrantzia du. Zorionez, badira gero eta familia euskaldun gehiago horretan ari direnak. Baina euskaraz ikastea nahikoa dutenen sektoreahandituz doa, euskara eta euskaratik ikasi eta bizi nahi dutenenarenaldean

Horregatik, gure lehen urratsa, arnasgune bakan horiek gotortu eta murgiltze ereduaren aldeko kontzientzia zabaltzeko lana egitea da. Izan ere, instituzioetan, euskarazko murgiltze ereduaren kontrakoak, pentsatu baino alderdi gehiago dira, eta ez ditugu limurtuko berehala, eta agian, sekula ez. Oraintxe bertaninstituzioetan,horretan dabiltzan euskaltzaleek, baldintzak jartzea da egin dezaketen gauza bakarra.Beti ere,tratuetarako giltza euskaltzaleen esku baldin badago.Eta jakina, euskaltzale hauekbaldintzatu eginahal eta benetan nahi izan behar dute,noski.

Landu dezagun bizikidetza askotan ahaztuta dauden ikuspegietatik: arraza, generoa eta diferentzia sozialak, besteak beste. Baina, hizkuntza, bizikidetza lantzeko aipatzen bada, izan dadila menpekotasunetik ateratzeko.

 

Iñigo Otxoa Fernandez

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!