Maitena Muruzabal: “Txantrea fantasia eta haur literatura eta ilustrazioaren lurraldea bilakatuko da”

Euskalerria Irratia 2020ko abe. 22a, 19:13

Txantrea auzoak Brif Braf Bruf jaialdiaren lehen edizioa hartuko du abenduaren 26tik urtarrilaren 8ra. Kontalariak elkarteko haur eta helduek  hainbat esperientzia fantastikoren proposamena egin dute Gianni Rodari idazlearen 100. urteurrenean.

Txantrea auzoak Brif Braf Bruf jaialdiaren lehen edizioa hartuko du abenduaren 26tik urtarrilaren 8ra. Hau haur literatura eta ilustrazio jaialdia izanen da, Gianni Rodari haur literaturako idazlearen irudian inspiratua. Jaialdi honen bidez  Kontalariak elkarteko haur eta helduek  fantasiaren beharra aldarrikatu nahi dute eta horretarako hainbat esperientzia fantastiko prestatu dituzte Gianni Rodari idazlearen 100. urteurrenean.

Larunbatetik aurrera Txantreako hainbat kale eta txokotan aukera izannen dituzte handi eta txikiek horma itzalekin  jolasteko,  auzoan mintzaten diren hizkuntza desberdinetako ipuinak aditzeko, eskulanak egiteko, edota auzoko dendetan antolatutako gymkanan parte hartzeko.

 

Kontalariak elkarteko Kattalin, Angela, June, Maitena eta Belen izan ditugu Irrintzi Plaza saioan. 

Egitarua hemen. 

Gianni Rodariren "Brif, bruf, braf" ipuinean bi haurrek hitz egiten duten hizkuntza asmatua, fantasiarena, aldarrikatu nahi du jaialdi honek. Hortik dator, hain zuzen ere, jaialdiaren izena, inspirazioa idazle hau eta bere istorioak kontatzeko modu fantasiatsu eta dibertigarria izan baita. Rodarik espaloi mugikorrak asmatzen zituen, "Zergatik dute biboteek katua? Edo zergatik dute kajoiek mahaia?" galdetzen zuten haurrak, baita esaten zuen Txanogorritxo berdea basora joan zela eta jirafa bat aurkitu zuela. Esaten zuen, halaber, haur apetatsu baten malkoak gutxiago pisatzen duela haizeak baino, eta haur goseti batenak lur osoak baino gehiago. G. Rodarik Fantasiaren beharra eta hura praktikatzeko garrantzia aldarrikatzen zuen. Horregatik sortu da jaialdia, sormena sustatzeko, Txantrea auzo fantastiko bihurtuz. Esperientzia fantastikoak Abenduaren 26tik urtarrilaren 8ra arte, hitzarekin eta fantasiarekin jolasten lagunduko duten esperientzia fantastikoak aurkituko ditugu kalean.

  • TELEFONO CABINA: Txantreako liburutegiak kalera aterako ditu ipuinak! Telefono kabina fantastiko bat egongo da Kaskailueta plazan, Liburutegiaren ondoan, Gianni Rodari eta bere "telefonozko ipuinak" omentzeko. Kabinan sartzen garenean, telefono zenbaki bat markatuko dugu, eta zenbaki horri dagokion ipuina entzungo dugu. Gianni Rodariren ipuinez gain, Doña Mayor, Garcia Galdeano eta Bernart Etxepareren ikasleek sortutako ipuinak ere entzun ahal izango ditugu. Ipuin horietako asko idazleak ipuinak sortzeko proposatzen zituen teknika fantastikoekin sortu dira. “Fantasia ez dago errealitatearen aurka, hura ezagutzeko tresna bat da eta menperatu egin behar da.” Gianni Rodari
  • "JAVIER REY” IPUIN MARATOIA: aurten ez da krossik izango Txantrean, baina Brif, Braf, Bruf –ek ipuin-maratoia proposatzen du. Kabina eta liburutegiarekin ondoan, abenduaren 30ean, 11: 00etatik 14: 00etara, Javier Reyren omenezko ipuin maratoia izango da. Hiru orduz ipuinak kontatzeko gai izango gara? Zatoz, parte hartu eta lortuko dugu! Ekarri zure ipuina eta bestela gure Pantxika Lamurrek lagunduko dizu bat asmatzen!
  • HORMA -IRUDIA: Leire Urbeltz artistak, Magdalena kaleko 10. zenbakiko horma erraldoi bati kolorea eta fantasia emango dio. Leirek sortu du marrazkia, Rodariren BRIF, BRUF, BRAF ipuinean oinarrituta. Gainera, tailerrak egin ditu Bernart Etxepare IPko Lehen Hezkuntzako 3. mailako neska eta mutilekin, ilustrazioarekin jolasten aritu baitira eta marrazkia sortzen lagundu baitiote.
  • ITZALEN KARRUSELA: Euskara Plazan Fermin Izkok egindako instalazio bat egongo da, oihalez estalitako 6 alde eta erdian argi birakari bat dituela. 6 pertsonak parte hartu ahal izango dute aldi bakoitzean. Pertsona bakoitza oihalezko panel batean jarriko da, eta argia bere lekura iristen denean, ta chan! Itzal bat sortu beharko du! Auzotegiko Birjiñe Alviraren antzerki taldeek joko honekin lagunduko dute!
  • BASO FANTASTIKOA: uste duzue zuhaitzek hitz egin dezaketela? Txantrean bai, ipuinak kontatzen dituzte. Munduko Parkeko hainbat zuhaitzek auzoko bizilagunek grabatu dituzten ipuinak kontatuko dizkigute modu magikoan. Eta hizkuntza askotan egingo dute, auzoan hizkuntza asko hitz egiten direlako. Patience, Patricia, Irina, Simos… Beren kulturetako ipuinak kontatu dituzte eta zuhaitzen bidez entzun ahal izango ditugu.
  • IPUINAK ESKEGITZEN: abenduaren 27an eta urtarrilaren 3an, igandeetan, 11:30etik 14:00 etara, Maria Auxiliadora kalean elkarlaneko ipuinak sortuko dira. Hartu zure orria eta idatzi esaldi bat aurrekoari jarraituz, sokan tentatuz, eta denon artean auzoko ipuinak sortuko ditugu. Idazten ez badakizu edo marraztea nahiago baduzu, behean zintzilika dezakezu zure marrazkia. Jarduera hau 10 urteko 3 neskek diseinatu eta antolatu dute.
  • MARCO ETA MIRKO JOLASA: Marko eta Mirco G.Rodariren ipuin bateko bikiak dira eta bere izenarekin eta Latxan merkatarien Elkartearekin batera bikoteen jokoa sortu dute.

Haurren partaidetza Jaialdiaren helburu nagusietako bat auzoko haur eta gazteen parte-hartzea lortzea da. Hori dela eta, Txantreako ikastetxeekin lan-ildoak ezarri dira. Gainera, jaialdia antolatzen parte hartuko duten 5 haurrek osatutako lantalde bat sortu da. Talde hau bere irudimenetik sortutako jaialdiko jardueretako bat antolatzeaz arduratuko da, diseinu-, ekoizpen- eta errealizazio-prozesua gauzatuz. Ikastetxeen parte-hartzeari dagokionez, auzoko Haur eskolak (Izartegi eta Egunsenti), Haur eta Lehen hezkuntzako 3 ikastetxe publikoak (Bernart Etxepare IP, CP Doña Mayor eta CP García Galdeano), “El Molino” Hezkuntza Bereziko Elkargoa, Eunate BHI eta Maria Ana Sanz Administrazio, Merkataritza eta Informatikan Zentro integratua jaialdiaren helburuarekin lotutako proiektuak garatu dituzte zeintzuk islada izango dute jaialdiko jarduera eta esperientzia fantastikoetan.

Komunitatearen parte-hartzea proiektu hau “Kontalariak” elkarteak bultzatzen du, Txantrea auzoko eta kulturarekin harremana duten bizilagunek osatuta. Elkarte horren bultzada auzoan dauden gizarte eta kultur erakundeen bultzadarekin lotzen ari da, izan ere, Liburutegiarekin, fantasiarako ezinbesteko lekua, Jai Batzordearekin, Siñarzubi Haur eta Gazteentzako Elkarteen Federazioarekin, Txantrean Auzolanekin eta Latxan merkatarien Elkartearekin, elkarlanean ari da besteak beste. Helburua auzo osoa fantasia honen parte sentitzea eta guztion jaialdia izatea da.

Gianni Rodari, 100 urte

Gianni Rodari haur literaturako idazle iraultzailea izan zen, baita kazetaria, maisua, fantasiaren pedagogoa eta, batez ere, umea ere. 1920ko Urriaren 23an jaio zen Italiako Omegna hirian. 2020an, Txantrean, Iruñeko auzoan, omenaldia egingo diote bere mendeurrenean. “Fantasia ez dago errealitatearen aurka, hura ezagutzeko tresna bat da eta menperatu egin behar da.” Gianni Rodari Gianni Rodarik gizatasun eta fantasiazko heziketa aberatsaren alde egiten zuen eta sormena landu daitekeen funtsezko ezaugarria kontsideratzen zuen. Fantasia logikaren aurka ez dagoela ere adierazi nahi izan zuen. "Fantasia ez dago errealitatearen aurka, hura ezagutzeko tresna bat da eta menperatu egin behar da. Irudimenak hipotesiak eraikitzeko balio du, eta ab absurdu-ko frogapenak egiten dituzten zientzialariek eta matematikariek ere planteatu behar dituzte. Fantasiak errealitatea esploratzeko balio du." G. Rodariren hitzetan, ipuinak kontatzea oso gauza serioa da, "Hau baino lan serioagorik ez dagoela ulertu behar da. Ipuinek balio digute, hain zuzen ere, nortasuna ezabatzen duen balbula bat martxan jartzen ez dutelako. Nortasun osoa inplikatzen du, baita pentsamendu logikoa eta errealitatea behatzeko gaitasuna ere; beraz, errealitatera eramaten du, eta ez errealitatetik ateratzera ". Finantzaketa BRIF BRAF BRUF proiektua Nafarroako Kutxa Fundazioari eta La Caixa Fundazioari esker egin daiteke, Innova cultural 2020 deialdian hautatutako proiektuetako bat izan baita. Proiektuak ere diru-laguntza jaso du Iruñeko Udalaren kultur jardueretarako deialdiaren barruan. Gainera, MECNA zigilua eskuratu du eta Elkarteak jaialdiko merchandising-a salduko du.

Elkartearentzat, haurtzaroa eta fantasia aldarrikatzeak behar diren ahalegin guztiak merezi ditu, are gehiago une honetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!