Aritz Ganboa: "Landa eremu bizi baten beharra erakutsi nahi du 'Bideak' dokumentalak"

Euskalerria Irratia 2020ko abe. 17a, 16:39

Landa eremua aldarrikatu nahi duen Bideak dokumentala aurkeztu dute Iruñean. Gaur egin dute lehenengo proiekzioa Golem zinemetan. Bihar Izaban erakutsiko dute, eta etzi Altsasun izanen dira. Aritz Ganboa protagonista eta Xabier Unanua zuzendaria izan dira Euskalerria Irratian.

Urtebete luze igaro da Aritz Ganboa Arruazuko artzainak mendiz korrika erronka batean bere arbasoen herriak lotu zituenetik. Arruazu eta Izaba. 170 kilometro egin zituen, gainean Idiazabal gazta bat zuela. Erronka hura proiektu handiago baten baitan gauzatu zuten, landa eremua balioan jartzeko eta aldarrikatzeko, eta hiriaren eta landa eremuaren arteko zubiak eraikitzeko asmoa zuen Bideak Dokumentalaren baitan, hain zuzen.

Erronkaren bidez ezagutzera eman ziren istorio, protagonista, paisaia eta soinuak jaso dituzte; baina pandemiak lana zaldu die. Erronka batekin hasi zen proiektua, erronkaz beterik izan da egileentzat. Proiektuaren bitartez, landa eremu bizi baten beharra erakutsi nahi dute: "Horren erdigunean dago elikagaiak sortzea, ingurugiroa baliatzea eta emakumeak duen balio zentrala azaleraztea".

Hasierako aurkezpenekin hasiera eman diote 2021ean zehar jarraituko duen zabalkuntza ibilbideari. 2021ean zehar beren eskaintza kulturalean Bideak Dokumentala sartu nahi duten elkarte, erakunde edo kolektiboak haiekin harremanetan jartzera animatu dituzte. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!