Ikerlariaren iritsiz, hau oso lan berritzaile eta beharrezkoa da, 50 urtetik gorako emakumeengan oso gutxitan jartzen delako begirada genero indarkeriaz hitz egiterakoan eta bestela ere bai. Gure gizartean ikusezinak dira adineko emakumeak. Azterlanak adierazten du adineko emakumeak publizitatean, komunikabideetan edo kultura-produktuetan ikusezin bihurtzeko joera dagoela, eta, beraz, gizonena baino presentzia txikiagoa dutela filmetan, telesailetan, liburuetan edo kantuetan. Eta hori ere idarkeria da.
Nafarroan, aurtengo urtarriletik ekainera bitarteko genero-indarkeriaren salaketa guztien soilik %11,7 ziren 50 urtetik gorako emakumeek jarritakoak. Honekin batera azpimarratzeko beste datu bat da haientzako baliabiderik apenas ez dagoela. Babesik gabe gelditzen dira, nolabait Administrazioaren aldetik.
Paola Damontik azaldu digun bezala, emakume hauek bi aldiz dira biktima: alde batetik adineko emakumeen bazterketa eta indarkeria gizartean orokortuta daudelako eta, bestaldetik, indarkeria matxista modu fisiko edota psikologikoan sufritzen dutelako.
Ikerketa honetan erakusten denez adineko emakumeen artean indarkeria normalizatzeko, onartzeko eta horretara ohitzeko joera handiagoa dago. Era berean, denboraren joanarekin indarkeria fisikoak behera egin ahala, indarkeria psikologikoa, areagotu egiten dela argi ikusten da.
Emakume hauek bakardade eta babesgabetasun handia sentitzen dute. Batzuetan ere seme-alaben laguntza eza sufritzen dute, hauek aitaren zaintza lanaz ez dutelako arduratu nahi.
Harreman toxiko horretatik ateratzeko beranduegi dela pentsatzen dute maíz. Mendetasun ekonomikoa eta adina ere ikusten dira zailtasuntzat, bizitza berri bat hasteko edo horretarako indarra eta energia ez izatearen sentimenduarekin lotuta. Beren bizitza alferrik galdu izanaren sentsazioa, eta, gainera, erru-sentimendua sortzen da harremana eteteagatik.
Hobetzeko proposamenak
Azterlanak ekintza publikoaren arloko hobekuntza-proposamenak ere aurkezten ditu, adineko emakumeen errealitateak eta beharrak berariaz kontuan har daitezen. Zehazki, nabarmentzen da oso garrantzitsua dela gizon helduei zuzendutako genero-indarkeriaren prebentzio- eta sentsibilizazio-kanpainak diseinatzea, indarkeria psikologikoarekin lotutako jokabideak zalantzan jar ditzaten eta seme-alabek rol aktiboa hartzearen garrantzia ikusaraz dezaten.
Zuzeneko esku-hartzeari dagokionez, azterketak arreta jartzen du esku-hartze bereizia egitearen eta profesionalek prestakuntza espezifikoa izatearen garrantzian. Gainera, sare afektiboak eta sozialak sortzea azpimarratzen da, horretarako tresnak eskainiz, hala nola adineko emakumeentzako etxebizitza partekatuak garatzea.