Nafarroako Gobernuko Vergel zahar etxean bizi da Mikel Auzaren aita. 87 urte ditu eta itxialdiak gogor eragin dio osasunean. "Lehenengo olatuan beherakada izugarria izan du". Egun bisitak galarazita dituzte zahar etxeetan; baina, haren aitaren osasun egoera ikusirik, baimen berezia eskatu du Auzak. Urriaren erdialdean eskaini zioten ordubetez bere aitarekin egoteko aukera: "Nire aitak ikusmena eta entzumena ia galdu ditu; eta udan, harekin elkartzeko aukera izan nuenean, konturatu ginen ukitzearena oso garrantzitsua dela harentzat. Orain ez dakit jabetzen ote den zergatik ezin dudan bisitatu".
Vergel zahar etxe publikoa delako eman zioten baimena Auzaren iritziz: "Beste zentro batzuetan ez dituzte baimen horiek eman". 70 zahar etxe inguru daude Nafarroan, eta azaldu duenez, errealitateak oso ezberdinak dira: "Zorionez, nire aita egoera hobekiago batean dago". Baina zahar etxe guztietan kalitatezko eredu bat behar dela aldarrikatu du, irizpide argiekin eta banakako arreta planekin.
Zainduz plataforma sortu dute Nafarroa osoko adinekoen egoitzetan dauden pertsonen senideek kezka agertu eta salatzeko. Nafarroako Gobernuarekin ere bildu dira: "Neurriak haien osasunarengatik ezarri dituztela esan digute; baina osasunarengatik bakarrik ez dute egin, beraien osasuna ere kaltetzen delako ez badute bisitarik jasotzen".
Bere amarekin bizi da Auza. Orain dela bi urtera arte egoitza batean bizi zen. Egun, ordea, Solera eguneko zentroa bisitatzen du egunero. Itxialdi "gogorra" bizi izan zuten etxean pandemiaren hasieran; bigarren olatuan, ordea, "normaltasunean" ari direla azaldu du Auzak: "Kontent nago zentroarekin. Baina guneak kudeatzeko beste modu batzuk daude, eta publikoa balitz, nahiago", aitortu du.
Pandemiak azken egunetako bilakaera positiboari eusten badio, Nafarroako Gobernuak malgutu egingo ditu egoitza-zentroetara egingo dituzten bisitak datorren asteko ostegunetik aurrera; izan ere, kutsatzeak nabarmen jaitsi dira azken egunotan.