«Memoria baten alaba naiz» esaldiarekin eman dio hasiera Antxiñe Mendizabalek bere liburuari. Eta memoriarekin ere lotuak daude lan honen hiru atalak: Indarkeriaren memoria, Kontzientziaren memoria eta Maitasunaren memoria.
Ama izan nahi ez duten emakumeak eta unezurtz sentitzen direnak. Askotariko emakumeak dira lan honetako protagonistak.
Gerrako amabitxiek gerran zeuden soladuei bidalitako gutunak aurkituko dituzte "Dos cafeteras" goxoki kutxa batean, eta haien bidez ezagutuko dugu nolakoak ziren haien arteko harremanak.
Istorioa Iruñean kokatua dago: «Euskal Herriaren historian eta frankismoaren garaian muturreko bizipenak izan ziren han. Istorioak gordintasun asko du, eta egokia iruditu zitzaidan muturreko toki batean girotzea», azaldu du egileak. Matilde, Teresa eta Amaia dira protagonistak, bakoitza aurrekoaren alaba. Horien bueltan, bigarren mailako pertsonaia ugari agertuko dira eleberrian, «konstelazio moduko bat» sortzen haien inguruan: bizilagunak, neskameak, maitaleak... Fikziozko horiez gainera, egiazko pertsonak ere badira, traman agertu ez arren «agertokian» daudenak. Horien artean daude, esate batera, Camino Oscoz faxistek erail eta Urbasako mendizerratik amildu zuten maistra, Emiliana Zubeldia musikaria, ETAk bahitutako Felipe Huarte enpresaria, Kristiane Etxaluz ezker abertzaleko militantea, German Rodriguez eta beste. Haien artean nahastuta agertuko dira, «kasik ohartu gabe», Mendizabalen hitzetan. «Beti gaude besteen bizitzetan nahastuta, jakin edo ez».