Maialen Diaz: "Deserrian bizi denarentzat distantziaren zenbatekoak ez du horrenbesteko garrantzirik"

Euskalerria Irratia 2020ko aza. 4a, 18:41

Maialen Diaz Urriza antzerkigile iruindarrak Donostia Hiriko Kutxa literatur saria irabazi du bere lehen liburuarekin: "Herri hura". 

Larunbatean eginen da sari banaketa eta lanaren aurkezpena. 

Madrilen bizi da Maialen Diaz Urriza azken sei urteotan. 2016an irabazi zuen Nafarroako Antzerki Eskolak eta Iruñeko Udalak antolatzen duten Haurrentzako Antzerki Testuen Lehiaketa "Greta liburuzaina" lanarekin. Egunotan Yarleku antzerki taldea hainbat tokitan eskaintzen ari den "Etxerik txikiena" lana ere berak idatiza da. 

Orain bere lehen liburua idatzi du. Antzezlan bat da deserria ardatz duena. Berarekin mintzatu gara Irrintzi Plaza saioan. 

"Herri hura"

Deserria egon daiteke jaiotetxetik itsasoz bestalde, edota sorterriko belardiak atzean utzi eta ehun kilometrora, paisaia idor baten zabaleran. Sustraiak galdu dituenarentzat distantziaren zenbatekoak ez du horrenbesteko garrantzirik. Erbesteratua berdin bizi da herri minez, arroztasun berak jazartzen du.

Bernardok eta Abeliñek, istorio honetako protagonistak, irudimenean baino gertatzen ez den elkartze bat antzeztuko dute. Bernardok azentu amerikanoz hitz egingo dio euskaraz Abeliñeri; Abeliñeren euskarari gaztelaniaren doinua dario tarteka; hizkuntza arrotzetan bizi izan dira luzaroan. Maitasun ezinezko baten istorioaz harago, gizarte arauek maitasun batzuk ezinezko bihurtzen dituztela kontatzen zaigu bertan.

Euskalkien nahiz erdararen laguntzaz, egilearen hitzei darien egiazkotasunak egiten du testu hau hurbileko. Apaindurarik gabe, justuko hitz zehatzak erabiliz iristen zaio irakurleari, bihotzean zuzen-zuzen joz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!