Martxan da Errigoraren Euskarari puzka kanpaina eta, horren barruan, hiru saski eskaini dituzte: Nafarroa hegoaldeko produktuekin osatutako saski beltza, produktu ekologikoak dituen saski berdea eta «gutiziak» dituen saski zuria. Beti bezala, irabazien %25 erabiliko dute Nafarroako Hegoaldeko euskalgintzako proiektuak diruz laguntzeko.
Aurten kanpainan COVID-19ak euskalgintzari eragindako kalteak aintzat hartuta, 5 euro garestitu dituzte saskien prezioak. «Pandemiak eragindako nahas-mahasa dela eta, ikastolen jaialdiak eta Sortzen-en jaia ezin izan dira egin eta Korrikarik ez dugu izango datorren udaberrian. Egoera honen aurrean ardura hartu nahi izan dugu, eta, beraz, saski bakoitzeko bost euroko ekarpen gehigarria eskatuko diegu herritarrei», adierazi du Ibai Sueskun Errigorako kideak.
Horrela saski beltzak 55 euroko salneurria izanen du; saski berdeak, 65 eurokoa; eta saski zuriak, azkenik, 75 eurokoa. Horren truke, opari bat jasoko dute saski bat erosten dutenek: saski beltzarekin batera, Korrikaren katilu bat; saski berdearekin, Seaskaren egutegia; eta saski zuriarekin, D ereduaren aldeko haziak. Bost euro gehigarri horiek zuzenean emanen zaizkie AEKri, Seaskari eta Sortzen-i, beren jaiak ez egiteak eragin dizkieten diru galerak arintzeko.
Agerraldia
"Egiten duguna gara" da aurtengo lema eta esandakoa praktikan jartzeko Agerraldia egitasmoaren baitan hainbat ekintza antolatu dituzte datozen hilabeteetarako.
Nafarroako erdialdeko eta hegoaldeko euskaldun eta euskaltzaleen arteko sareak sortu, harremanak sendotu eta egunerokoan euskarari tokia emateko hamaika proiektu jarriko dituzte abian, Blana Garcia Tuterako gazteak adierazi digun bezala.