Antsoaingo Udalak helegitea jarriko dio Nafarroako Auzitegi Administratiboaren erabakiari, UGTk 2019ko plantilla organikoaren eta haren hizkuntz eskakizunen aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoa zati batean baiesten baitzuen. Auzitegiaren erabakiak derrigortasunik gabe utziko luke udaletxeko idazkaritza posturako euskara eskakizuna (C1 maila eskatzen da).
Ander Oroz alkatearen (EH Bildu) iritziz ebazpea "udal autonomiaren aurka doa". Plantilla organikoa eta profilak osoko bilkuraren gehiengoak onartu zituen, eta aho batez onartu zen euskararen ordenantza bati erantzuten diote. Idazkaritza posturako C1 eskakizuna 2006ean ezarri zuten, PSN arduratzen zen orduan kudeaketaz.
Ebazpenaren aurkako helegiteak EH Bildu, Ezkerra-Ahal Dugu eta Geroa Bai alderdien aldeko botoak jaso zituen.